Bizirautea auzoaren osasunaren mende dagoenean, hari laguntzeko arrazoietan borondate onaren eta berekoikeriaren arteko muga oso lausoa izan daiteke. Koronabirusak hedatzen jarraitzen duela, literalki mundu guztiari komeni zaio herrialde behartsuenek baliabide ahalik eta gehien izatea pandemiari aurre egiteko. Diru urriak horretara jartzea, eta ez, adibidez, beste herrialdeekin dituzten zorrak pagatzera.
Testuinguru horretan, NDF Nazioarteko Diru Funtsak erabaki du sei hilabetez zorraren itzulketak bertan behera uztea munduko txiroenen artean dauden 25 herrialderi. Sahara azpiko Afrikako, Karibeko eta Asiako herrialdeak dira, eta guztien artean 195 milioi euro itzuli beharko dizkiete orain NDFri
Biztanleriaren laurdena
Hala ere, keinua oso eskasa da herrialde pobreen atzerriko zorraren zenbateko osoei begira. Gehiago beharko dela ikusita, aste honetan litekeena da G20ko herrialdeek zor horren ordainketa batzuek tarte batez izoztea, beharbada 2021. urtea amaitu arte.
Munduko 76 herrialde txiroenek aurten soilik 436.000 milioi euro itzulketak egin behar dizkiete atzerriko mailegatzaileei, zor propioak ordaintzeaz gainera (118.000 milioi euro). 76 herrialde pobre horietan bizi da munduko biztanleriaren laurdena.