Villadan (Palentzia, Espainia) ezbeharra izan zuen treneko 50 bat bidaiarik Hendaiako (Lapurdi) tren geltokian igaro dute gaua, bereziki eurentzako egokitutako ohedun tren batean.
Izan ere, Galiziatik Hendaiarako bidea egiten duen tren hori gero Parisera eramango dituenarekin lotzeko erabiltzen dute bidaiari askok; batik bat, munduko hainbat lekutatik Donejakue Bidea osatzera Galiziara joandako erromesek. Okerrik ezean, 20:30etan iristen da tren hori Hendaiako geltokiram eta hamaikak hogei gutxi aldera Parisera abitzen dena hartu ohi dute.
Atzo, ordea,normaletik kanpokoa bihurtu zen guztia, eta Palentzian ezbehar handia izan eta gero, autobusetan ekarri zituzten Hendaiara helmuga herri hori zuten bidaiariak. Guztira 70 bat lagun ziren Hendaiaraino iritsi behar zutenak, eta bi autobusetan banatu zituzten. 70 laguneko talde horretan gehienek Parisera jarraitu behar zuten: 49 lagunek. Horregatik, SNCF Frantziako tren konpainiak ohedun tren bat atondu zien Hendaiako geltokian, han atseden hartu eta lo egiteko, eta gaur goizean, berriro trenez bidaia jarraitzeko. Goizeko bostetan Lillera zihoan trena edo zortzietan Parisera zihoana har zitzaketen.
Bi autobusetako lehendabizikoa 00:35 aldera iritsi zen Hendaiara. Neke aurpegi handiekin jaitsi ziren bidaiariak, hizketarako gogo gutxirekin. Hendaiako geltokiko buruzagi eta langileek egin zieten harrera, eta baita SAMU larrialdiko osasun zerbitzuetako mediku eta psikologoek ere. Afari legea egiteko jatekoa eta edaria banatu zieten, eta lo egiteko ohedun trena erakutsi.
Autobus horretan 45 bat lagun heldu ziren. Haietatik 15 inguru Orthezetik (Frantzia) Galiziara Donejakue bidea txirringaz egitera joandako talde batekoak ziren. Autobus bat etorri zitzaien bila, eta afari mokadua egin eta laster abiatu ziren. Bete bizpahiru Euskal Herrikoak ziren, eta bila joandako senitartekoak autoz eraman zituzten. Gainerakoek, berriz, Hendaiako geltokian igaro behar izan dute gaua.
50 bat bidaiarik Hendaiako tren geltokian igaro dute gaua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu