Klasikoak dira Bartzelonaren eta Real Madrilen aurkako futbol partidak. Mundu osoko zaleek jarraitu ohi dituzte, eta elkarren aurka aritzen diren bakoitzean ematen dute zeresana. Gaurko partidak ikusmira berezia eragin du, ordea. Ez futbolagatik, gainera: Camp Nou barruan zein kanpoan jokatuko da arratsaldean Espainiako Ligako partida. Barruan, 20:00etan hasiko da jokoa; kanpoan, Tsunami Demokratikoak mobilizazio handi batera deitu du, 16:00etatik aurrera, Eskubideak, askatasuna, autodeterminazioa! lelopean. Mossoek segurtasun kontrolak zorroztu dituzte goizean goizetik, eta 3.000 agentek hartuko dute parte salbuespenezko operazioan. Gertatzen ari denaren berri ematen ari da Gorka Berasategi BERRIAko berriemaile berezia, Bartzelonatik bertatik (jarraitu artikulua irakurtzen, txioen ondoren).
Poliziek hainbat iturriri adierazi dietenez, aste osoa daramate Camp Nou zelaiaren ingurua zaintzen. Izan ere, Bartzelonaren eta Real Madrilen arteko futbol partida batek berez dauka «4. alerta maila, mehatxu terroristagatik», haien hitzetan. Tsunamiaren deialdia gehitu behar zaio horri. Ez dago argi zer egingo duten; bart zabaldu dituzte azken jarraibideak Telegram kanalean: «Adi Tsunami Demokratikoaren aplikazioari goizetik; milaka pertsona behar ditugu ekintzarako». Jendea animatu dute futbol partida ikustera joatera, «irratia, ura eta ogitartekoa hartuta».
Deialdi nazionala egin dute Kataluniako buruzagi independentisten aurkako sententziaren kontra protesta egiteko. Horretarako, jendeari eskatu diote Camp Nouren inguruko lau puntutan elkartzeko, aldi berean. Mugimenduak, ohi duen bezala, ez du bestelako azalpenik eman oraingoz. Kaleko protestek kezkatzen dituzte poliziak, baina baita futbol zelai barruan gerta daitekeenak ere. Eduard Sallent mossoen komisario buruak adierazi du «jokalekurik okerrena» litzatekeela inor protestan futbol zelaira bertara sartzea. «Gertatu behar ez lukeen muturreko egoera bat», haren esanetan. Tsunami Demokratikoak, ordea, esana du ez duela asmorik partida «blokeatzeko edo bertan behera uzteko»; haien asmoa da partida «mundu osoan ikustea».
Gaur goizean, La Vanguardia egunkariak zabaldu du Tsunami Demokratikoak prestatu duen ekintzetako bat dela pilota puzgarri beltzak botatzea zelaira, salatzeko poliziek gomazko pilotak jaurti zizkietela sententziaren aurka protestetan ari zirenei. Handik gutxira, Tsunamiak erantzun egin dio albisteari: «Ez genuen horretarako asmorik, baina ideia ona da. Guztiok pilota puzgarriekin zelaira! Mila esker La Vanguardia-ri ideiarengatik». Aurretik, Miquel Buch Barne kontseilariak adierazi du ez zaiola iruditzen «inolako arazorik» dagoenik pilota horiek zelaira sar ditzaten: «Dena dela, ez dagokit niri erabakitzea zer material sartu daitekeen eta zer ez».
Telebistaz ikusteko protesta
Bartzelonaren eta Real Madrilen arteko partida urriaren 26an zen jokatzekoa, baina Espainiako Ligak atzeratzea erabaki zuen orduan. Egun horretarako, CDRek mobilizazioak iragarriak zituzten, buruzagi independentisten aurkako sententzia eman berri baitzuten. «Salbuespen egoeratzat» jo zuen ligak, eta, «segurtasunarengatik», erabaki zuen partida gaurko egunera atzeratzea.
Orduan, Tsunami Demokratikoak bi taldeei proposatu zien Spain, sit and talk mezua erakusteko gaurko partidan. Haiek horretarako prest agertu ez direlako antolatu dituzte kontzentrazioak. Tsunamiaren beraren arabera, 32.000 pertsonak parte hartzeko izena eman dute dagoeneko. TV3ko FAQS saioan elkarrizketa birtuala egin zioten Tsunamiari: «Uste duzue egingo duzuen ekintza hori zuzenean ikusi ahalko dela telebistaz?». «Bai».
Azken egunotan, mossoek adierazi dute euren ardura izango dela jokalariak, epaileak eta jarraitzaileak partidara arazorik gabe iristea. Bi taldeetako jokalariak eta partidako epaileak hotel berera eraman dituzte, haien segurtasuna bermatzeko asmoz. Camp Nouren alboan dagoen Sofia hotelean daude guztiak. Normalean, Bartzelonako jokalariak euren kabuz joaten dira zelaira. Gainera, mossoek «kontrol zorrotzak» egingo dituzte futbol zelaiko sarreretan. Esan dute poltsa eta motxila guztiak aztertuko dituztela.