AAM: "Heriotza hau hilketa da, eta PSOE da erantzule zuzena"

2005eko azaroaren 1a
13:44
Entzun
AAM Amnistiaren Aldeko Mugimenduak gogor salatu du gaur Jose Anjel Altzugurenen "hilketa". PSOE egin dute "hilketaren erantzule: Zapateroren Gobernua".

"Halako jarrerak mantendu artean gatazkaren konponbidean urrats sakonak ematerik ez dagoela" azpimarratu dute. Izan ere, ez dute ulertzen, PSOEk gatazka konpondu nahi badu, zergatik mantentzen duen "politika kriminal hau". Gogor hitz egin du Jon Enparantzak: "Bi urtetan 10 euskal herritar hil dira, horien eragile nagusia kartzela politika delarik. Kontraesankorra, inkonpatiblea da egoera hau Gatazka Politikoa konponbidean jartzeko benetako borondatearekin: alde bati desager dadin exijitu, une berean, sufrimendua eraginez, hildakoak mahai gainean jarriz. Atzo bertan esan genuen bezala. Horrela ez da posible. Eta Zapaterok jakin beharko luke".

Horregatik guztiagatik, "gerra estrategiak, zapalkuntzak eta kartzela politika" bertan behera uzteko eskatu diote Espainiako Gobernuari.

Etxerateko bozeramaile Estanis Etxaburuk salatu du, espetxe politika "estatu terrorismoa, estatu hilketa" dela, "preso dituzten gure senideak suntsitu asmoz". "Egunkari nahiz alderdi politiko eta instituzioek behin eta berriz isilarazten duten estatuen biolentzia da ondokoa. Kalkulatutako politika da sakabanaketa. Bi estatuek kalkulatutako heriotza da beraz Jose Angel Altzuguren Kotto-rena".

"Herri honek bestelako etorkizunik izango badu", sakabanaketa politika baztertu behar dela azpimarratu du. Horretarako, baina, "konpromisoak" behar direla dio, "hitzetatik haratago ekintzetara doazen konpromisoak".



Amorrua

Une hauetan daukaten sentimenduetako bat "amorrua" dela azpimarratu dute prentsaurrekoan azaldu direnek, "amorrua inpunitate osoz hil digutelako Kotto. Amorrua, alderdi interesak tarteko, sakabanaketarekin amaitzeko nahiko indar egiten ez delako ari herri hau".

Alderdi politikoekin bilerak egin nahi dituztela azaldu dute, "estatu hilketa berri honen aurrean zer egin asmo duten jakiteko". Honela amaitu dute prentsaurrekoa: "Konpromisoak behar ditugu, hitzezko nahiz ekintzazko konpromisoak behingoz sakabanaketarekin amaitu eta, euskal preso politikoekin batera, gatazkaren konponbiderantz pausoak eman ditzagun. Zeren esperoan gara? Hau da, euskal errepresaliatu politikoen senide eta lagunok, euskal gizarteari luzatzen diogun galdera: zeren esperoan gara?".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.