Dominikar Errepublika. 2009ko irailaren 18an, Kongresuak ebatzi zuen bizitzeko eskubidea bortxaezina dela "sortzetik heriotzaraino". Iazko urria bitarte, dena den, haurdunaldia eten nahi zuten emakumeek medikura jo zezaketen zigortuak izateko arriskurik gabe. Geroztik, baina, bi eta hiru urteko kartzela zigorra jaso dezakete haurdunek, eta lau eta hamar urte artekoa hura egiteko laguntza eskaintzen dietenek. Iazko uztailean mundu osora zabaldu zen Esperancita izeneko 16 urteko neska baten kasua. Leuzemia zuen, eta haurdun zegoen. Medikuek, zigorren beldur, eten egin zioten minbiziaren aurkako tratamendua. Baina hamar asteren buruan berriz jarri zioten, legebiltzarrak aurrera egiteko baimena eman ostean. Gaztea abuztuan hil zen, haurdunaldiak eragindako osasun arazoen ondorioz.
El Salvador. Abortuaren aurkako legedia gogorrenetako bat duen herrialdea da. Emakumeak berrogei urte arteko kartzelara zigor ditzakete.
Haiti. Abortatzen duten emakumeek edota hura egiten laguntzen dietenek bederatzi urte arteko kartzela zigorra jaso dezakete. Ondorioz, asko euren kabuz ahalegintzen dira haurdunaldia eteten, maiz bizitza arriskuan jarriz. Umekia modu naturalean edo nahita galdu dutenak, berriz, ez dira erietxera joaten salatuko dituzten beldur. Osasun Ministerioaren datuen arabera, haurdunen heriotzen %8 gaizki egindako abortuen ondorio dira.
Honduras. Hiru eta sei urte arteko kartzelarekin zigortzen da abortua, eta, halakoetan gertatu ohi den modura, haurdunaldia eteten duten emakumeek ezkutuan egiten dute, bizia arriskuan jarriz. Datu ofizialen arabera, haurdunaldiaren ostean, abortua da erietxeratzeko arrazoi nagusia.
Nikaragua. Duela bi urte egin zen ezagun Amaliaren kasua. 27 urteko gazte horrek minbizia zuen, eta haurdun geratu zen. Leongo erietxean medikuek erabaki zuten 36 egunez kimioterapia etetea, umekia gal ez zezan, abortuaren kontrako legearen beldur. Familiaren eta giza eskubideen aldeko protesten ondoren, eta gaixoari jakinarazi gabe, umekiari kalterik egingo ez zioten minbiziaren aurkako bi botika eman zizkioten. Hala ere, umekia ez zen behar bezala garatu, eta hil egin zen. 2006tik erabat debekatua dago abortatzea. Horren aurretik legezkoa zen amaren osasuna arriskuan zen kasuetan.
Surinam. Soilik amaren bizitza arriskuan dagoenean eten dezake hark haurdunaldia. Beste edozein kasutan hiru urte arteko kartzela zigorra jaso dezake. Laguntzen dion medikuak, berriz, lau urte artekoa.
Txile. Augusto Pinocheten diktadura garaian debekatu zuten abortoa, 1989ko irailean, argudiatuz "medikuntzaren aurrerapenak" kontuan hartuta ezin zela "zuzenetsi". Abortatzen ahalegintzen direnek hiru eta bost urte arteko kartzela jaso dezakete, eta hiru urte artekoa laguntzen dietenek. Debekuak, hala ere, ez die aberatsei eragiten, haiek klinika pribatuetara jo baitezakete, salatuak izateko beldurrik gabe.