Bizkaian eta Araban datozen egunetan dira metaleko lan hitzarmen kolektiboak negoziatzen hastekoak: barikuan Bizkaian eta ekainaren 5ean Araban. ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuek eta patronalek mahai horietan izango direla baieztatu dute (UGTk egin zuen bilerak egiteko jatorrizko proposamena). Gipuzkoan ere negoziaziorako zita jarrita dago ekainaren bederatzirako. Baina, giroa beste bi probintzietan baino gaiztotuago dago. Jose Miguel Aiertza Adegikio idazkari nagusiak azaldu du partonalak ez diola uko egingo bere negoziatzeko bokazioari, baina gaineratu du Adegi ez dela Gipuzkoako metalaren lan hitzarmena negoziatzen hasiko Espainiako Auzitegi Gorenak epaia eman arte.
Izan ere, iazko uztailaren 7an metaleko lan hitzarmenak bertan behera geratu ostean, sindikatuek metaleko lan hitzarmen kolektiboa indarrean zela baieztatzeko eskatu zioten EAEko Justizia Auzitegi Nagusiari. Adeik, ordea, lan ituna deseginda dagoela defendatzen du. Eta epaiak arrazoi eman zion Adegiri, baina sindikatuek Auzitegi Gorenera jo zuten. Gipuzkoari dagokionean, beraz, gorenak oraindik ez du ebatzi metaleko hitzarmena indarrean dagoen ala ez. Horregatik, Adegik aurreratu du "prudentziagatik" epai horren zain geratuko dela negoziazioei ekiteko. Bizkaiaren eta Arabaren kasuan justiziak erabaki zuen iazko uztailaren 7az geroztik ere lehengo metaleko lan hitzarmenek indarrean jarraitzen dutela bi lurralde horietan.