SEZESIOA

Adierazpena, Norvegiaren independentziaren 110. urteurrenaren biharamunean

jon olano
2015eko urriaren 27a
19:21
Entzun

Kataluniako Parlamentuan Junts Pel Sik eta CUPek sezesio prozesuaren aldeko adierazpen adostu bat erregistratu, eta Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak adierazpen horren kontra hitz egin duen egun berean, Norvegia eta Suediaren banaketa baketsua gogora ekarri du Cecilia Julin Suediak Espainian duen enbaxadoreak.

"Gaur, duela 110 urte, Suedia eta Norvegiaren batasuna desegin zen modu lasai eta adostuan, eta lankidetza eskandinaviarra hazi da", idatzi du sare sozialetan Julinek.

Hain justu, astelehenean bete ziren 110 urte bi herrialdeak ofizialki banatu eta Suediak Norvegiako estatu independentea onartu zuenetik. 1905eko ekainaren 7an, Norvegiako parlamentuak independentzia aldarrikatu zuen, eta abuztuaren 13an egin zuten erreferenduma. Hautesleen %85,4k bozkatu eta horietatik %99,95ek egin zuten independentziaren alde. Emakumeek ez zuten botorik eman ez baitzuten orduan horretarako eskubidea aitortua, baina 200.000 emakume baino gehiagoren sinadurak bildu zituzten independentziaren alde.

Bi herrialdeetako ordezkariak abuztuaren 31n hasi ziren sezesioa negoziatzen, eta irailaren 23an amaitu ziren. Bi herrialdeetako parlamentuek bozkatu zuten banaketaren xehetasunen inguruan, eta urriaren 26an aitortu zuen Suediak Norvegiaren independentzia, Oscar II erregeak  Norvegiako koroaren eskubideei uko egitearekin batera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.