AHTaren alde UPNk aurkeztutako mozioa atzera bota du laukoak

Ion Orzaiz.
2017ko ekainaren 22a
16:38
Entzun

AHT Abiadura Handiko Trenaren nafar korridorea eraikitzeko itunaren aldeko mozioa aurkeztu du UPNk Nafarroako Parlamentuan, baina PP eta PSNren babesa soilik lortuta, bertan behera gelditu da. Sustapen Ministerioarekin eta Adif-ekin ituna sina dezala eskatu dio oposizioak Nafarroako Gobernuari, baina oraingo honetan, itun programatikoaren sinatzaileek bat egin dute mozioaren aurka, aurreko asteetako desadostasunak eta polemikak alde batera utzita.

Horren ordez, zuzenketa aurkeztu du Geroa Baik, Atlantikoa eta Mediterraneoa lotuko dituen tren korridore baten aldeko konpromisoa adierazteko, "baina herritarren interesei kalte eginen ez dien finantzaketa sistema batekin". Horrez gainera, 2010ean UPNk eta PSOEk sinatutako hitzarmena ere "eskasa" dela adierazi du Geroa Baik, "korridorearen zati bakar bat aintzat hartzen zuelako soilik, inondik inora ez zihoana". UPNk ez du zuzenketa onartu.

Geroa Baiko Koldo Martinezek adierazi du erregionalisten mozioa ez dela beharrezkoa, eta itun programatikoa hautsi nahi izatea leporatu die erregionalistei: "Ezagutzen ditugu zuen azpijokoak. Mozio honek ez du ezertarako balio. Egiazki, zuei berdin zaizue onartzen den ala ez. Nahi duzuen bakarra da laukoaren barruan egon daitezkeen desadostasunak sakondu, eta zorte apur batekin, gobernua apurtu. Baina ez duzue lortuko".

Gaur 19:30ean, Nafarroako Gobernuaren aurrean elkarretaratzea eginen dute AHT Gelditu elkarlanak, Erdi Aldea Trenaren Alde elkarteak, Sustrai Erakuntza Fundazioak eta Tren Sozialaren Aldeko Erriberako Plataformak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.