Ainara Garcia psikologoa da, eta terapeuta gisa lan egiten du Gipuzkoako Gizakia Helburu elkartean. Bederatzi urte eman ditu zeregin horretan, eta, une honetan, droga menpekotasuna atzean utzi nahi dutenei harrera egiteaz arduratzen da.
Zertan datza zuen elkartean droga menpekotasuna utzi nahi dutenei ematen diezuen tratamendua?
Hiru atal izaten ditu. Lehenengoa harrera fasea da, hiru bat hilabete irauten duena, eta droga uzteko motibazioa lantzen dugu. Bigarren fasea komunitate terapeutikoarena da. Tarte horretan, asko lantzen dira maila emozionalean norberak izan ditzakeen zailtasunak. 11 hilabete inguru irauten du. Helburu hori lortutakoan, hirugarren faseari ekiten diogu, gizarteratzeari, hots, bizimodu normalizatu batera itzultzen saiatzea, jakinda zailtasun handiak topatuko dituztela eta, laguntzarekin, zailtasun horiei aurre egin beharko dietela.
Asko aldatu al da tratamendua 80ko hamarkadatik hona?
Bai, asko. Programa hau zabaldu zenean, 1985ean, lan ildo bakarra geneukan. Orain, bost daude. Horrek esan nahi du pertsonen profilak aldatzen direla eta beharrak ere desberdinak direla.
Heroinarekiko menpekotasuna gainditzeko, nolako garrantzia du drogaren ordezkapenak?
Heroina da menpekotasunik handiena sortzen duen substantzia, eta laguntza tratamendurik gabe uztea zaila izaten da. Batzuek hala egiten dute, eta beharbada metadonarekin izan duten esperientzia txarra izan delako, nahiago dute beren kabuz egitea, oso txarto pasatuta. Beste batzuek, berriz, nahiago dute metadona tratamendu bat egitea, denbora batean heroinaren ordezkoa hartzea eta apurka-apurka dosia gutxiagotzen joatea. Baina, horretarako, urte bat edo bi behar izaten dira.
Ezartzen diren tratamenduak berdinak dira kasu guztietan, edo pertsona bakoitzaren ezaugarrietara egokitzen dira?
Gu oinarri batzuetatik abiatzen gara, gakoa ez baita soilki kontsumitzeari uztea, ezpada aztertzea zerk bultzatzen gaituen kontsumitzera. Gure ustez, menpekotasuna beste zerbaiten sintoma da. Orduan, guztientzat baliagarriak diren arau batzuk daude kontsumo girotik atera eta inguru osasuntsuago batera joateko. Hortik aurrera, tratamendua beti da pertsonalizatua, guztiek ez dituztelako problema berberak.
Garrantzitsua al da familiaren parte hartzea?
Familiaren eginkizuna oso garrantzitsua da. Familiaren babesa dutenek askoz aukera handiagoa dute prozesua arrakastaz burutzeko. Baina egia da batzuetan familiak nekatuta edo erreta daudela, tratamendua behin baino gehiagotan egin behar izan dutelako edo etxean arazo handiak sortu direlako.
Heroina kontsumitzaile berriak agertzen dira zuen programetara?
Ez. Heroinarekiko arazoekin datozenen ehunekoa asko jaitsi da, eta etortzen direnek urte asko daramatzate kontsumitzen, eta, askotan, behin baino gehiagotan pasatu dira tratamenduren batetik, gure elkartean edo beste batean. Ez da gazterik etortzen. Beharbada, kalean badaude heroina kontsumitzen duten gazteak, baina horiek, seguru asko, hemendik urte batzutara hasiko dira etortzen.