Ainhoa Muruak proba utzi du lasterka hasteko unean

2016ko abuztuaren 20a
17:48
Entzun

Kalkaneo hezurrean haustura du Ainhoa Muruak, eta bazekien ezingo zuela triatloia amaitu. Hala ere, abiatzea erabaki zuen, eta ahal zuen uneraino lehiatzea. Igeriko eta bizikletako saioak eginda, erretiratu egin da.

 Laugarren olinpiar jokoak zituen Muruak Riokoak, eta lur jota hartu zuen lesioaren berria. Hemen, Enekoitz Telleriak egindako elkarrizketa: 

«Aterako naiz, eta iristen naizen lekuraino»

Haustura batek baldintzatuko du gaur Ainhoa Muruaren jarduna. Izan du etxera bueltatzeko gogoa. Kolpearen gogorraz mintzo da, eta buelta eman beharraz. Egin dezake igeri, ibil daiteke bizikletan, baina ezin du korrika egin. Trantsizioekin dago kezkatuta. «Ez dut denen aurrean ez aurrera ez atzera gelditu nahi».

Ez da erraza horrenbeste landutakoa kolpetik joaten ikusi duena kolpe horri buruzko galderekin itauntzea. Copacabanako hotel horretan hitz egin du lehen ere BERRIAk kolpeei eta pozei buruz. Ane Santestebanekin eta Ion Izagirrerekin lehen. Ainhoa Muruarekin orain (Zarautz, Gipuzkoa, 1978). Hall-eko beste kirolariei azalpenak ematen ari da duenari buruz eta egin nahi duenari buruz. BERRIArekin gehiago aritu da zalantzei eta beldurrei buruz.

Zer erabaki du Ainhoa Muruak?

Irtengo naiz. Gero gerokoak... baina aterako naiz. Hasieran, ez nuen nahi parte hartu, ezta erabaki bat hartu ere. Etxera bueltatzeko gogoa bakarrik neukan. Oso kolpe gogorra izan da.

Zer da zehazki gertatu zaizuna?

Azken hilabetean jada sumatzen nituen molestia batzuk ezkerreko oinean. Ez nion hasieran garrantzi handirik eman. Begiratu genuen apur bat, eta ikusi genuen ez zegoela guztiz ondo. Igeri egiteko eta bizikletan ibiltzeko ez neukan arazorik, baina korrikarako bai. Kontuz ibili behar nuen, eta gutxitu egin nituen korrikako maiztasuna eta erritmoa. Oso gutxitan aritu naiz korrika, gehienbat Alter G-an ibili naiz —grabitaterik gabeko makina bat da, ilargian korrika egiten ariko bazina bezala da, zinta baten gainean, baina zure pisuaren portzentaje jakin bat kenduta. Korrika egitearen plantak dira, eta sasoiari eusten diozu behintzat—.

Zer da? Lehen ere arazoak eman zizkizun oin berbera?

Oina berbera da, ezkerrekoa, betikoa, baina lehen hanka azpian neukan lesioa, eta orain gorago da, baina kalkaneo hezurrean orain ere. Ezkerreko oinarekin horrela nenbilen, eta iskioetan ere izan nuen haustura txiki bat. Iskioetako arazoak oso gogaikarriak izaten dira, eta hasieran pentsatu nuen hark emango zidala arazo gehiago, oinean nuenak baino. Iskioena muskularra zen, eta pasatu zen, ordea, eta besteak hor jarraitzen zuen oraindik, eta zaindu beharra neukan. Madrilen nengoela, hona etorri bezperan, egin genuen kalitatezko azken entrenamendua amaitzen ari nintzela, nabaritu nuen zerbait besteetan baino fuerteagoa. «Uf!» pentsatu nuen, eta Joni esan nion [Jon Unanue bikotekidea]: «Minez bukatu dut». Baina uste genuen ez zela izango lehen nituen molestia horietatik aparte ezer gehiago. Hiru bat egun korrika egin gabe hobera egingo zuela pentsatzen nuen, baina pasatu ziren egun horiek, eta minarekin jarraitzen nuen, eta mina jada ez zen lehengo molestia hura, ezberdina zen.

Susmo txarrak hartu zenituen orduan?

Hori da. Susmo txarrak hasi nintzen hartzen. Jada Riora gentozen. Federazioko medikuak-eta hemen zeuden mutilen taldearekin. Esan zidaten etortzeko. Begiratu egin behar zela hori ongi. Igande gaua zen, eta han Madrilen ere ez zegoen beste ezertarako aukerarik... Astelehenean iritsi nintzen, hotelera beharrean olinpiar hirira eraman ninduten, asteartean egin zidaten erresonantzia, eta orduan eman zidan albisterik txarrena: haustura zegoela.

Zenbat gauza pasatu zaizkizu burutik?

Asko. Batez ere, ez dela batere erraza izan honaino iristea. Ez direlako bakarrik hilabete hauek. Hiru denboraldi oso dira. Olinpiar ziklo oso bat. Hasieratik kanpoan lehiatzen, puntuak biltzen, entrenamendu oso gogorrak egiten. Justu azken unean hau gertatzea... Kolpe gogorra da. Baina hau ere bada kirola. Onartu egin behar da.

Zein da plana?

Bada, oraindik ez daukat oso garbi. Hasieran etxera joateko gogoa neukan bakarrik. Orain lasaitu naiz apur bat. Badakit zer dagoen. Jendeak animatu nau. Irten eta ahal dudan lekura iritsi. Igeri egin dezaket eta bizikletan ere ibil naiteke, baina trantsizioak daude batetik bestera, eta korrika joan behar da horietan. Hori da nire kezkarik handiena.

Igeri egitera, gainera, hondartzatik korrika.

Kasu honetan, bai. Batzuetan pontoi batzuk egoten dira eta handik botatzen dugu geure burua uretara, baina hemen ez dago horrelakorik, eta hondartzatik joan behar dugu korrika. Hor ari gara. Medikuarekin. Anestesia apur bat jarriko ote dugun... Guztiz lokartu gabe, baina efektua egin dezan… Probatzen ari gara.

Prestatuta zaude horretarako?

Egia esan, gorputzak ezetz esan dit. Baina momentu hori gozatzearena ere hor dago...

Ingurukoek zer diote?

Erabakia nirea dela. Animatzen naute ahal dudana egitera eta ateratzera. Hemen jada ez dago aukerarik ordezkoren bat jartzeko. Aterako naiz, eta iristen naizen lekuraino.

Olinpiar zikloa ez da ari izaten oso gozoa...

Bada, ez. Londresera arte esan dezaket ez nuela ia ezer izan. Dena joan zela ongi. Eta jendeak harrituta esaten zidan hori, ez nintzela lesionatzen. Baina 2013-2014tik aurrera, beti oin bera hasi zitzaidan arazoak ematen. Hemen kontua da gorputzeko atalak loturik daudela. Batean hanka azpia, hurrena iskioa, orain orkatila ingurua... Oin horren bueltan dena beti. Batetik bestera pasatzen da mina. Bat kentzeko bestea kargatu.

Gorputz horrek, izan ere, halakoxe tratua darama. Urte asko dira.

Azkenean ongi nahi dugu iritsi lehiaketa guztietara, eta horrenbeste eta horrenbestetan entrenatzeak arrisku horixe dauka, lesioena. Urte asko dira, bai. Kirolean badakigu hori hor dagoela. Hori da gauzarik okerrena gure jardunean.

Lau Olinpiar Jokotan aritzeko behar da zerbait.

Irteten banaiz, ni izango naiz, bai, zaharrena. Urte asko dira goi mailan.

Ez da egunik egokiena etorkizunari buruzko galderak egiten hasteko, ezta?

Ez, ez da eguna.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.