Aitziber Uriarte (LAB): "Hitzarmena martxan jarri behar da; gero hitz egingo dugu soldatez"

2014ko martxoaren 26a
11:30
Entzun

Kristau Eskolako gatazkan, beste sindikatuen ildotik aldentzea erabaki du LABek. Ordezkaritza apala du eskola erlijiosoetan, %6koa, baina gehiengoa du ikastoletan. Akordioa sinatu dute han. Itun hori oso garrantzitsutzat jo du Aitziber Uriarte LABeko ordezkariak. Bide beretik datoz Kristau Eskolen gatazka eta ikastoletakoa, eta bat konpondu bada bestea ere egin litekeela dio. Pausoak galdegin dizkie alde guztiei.

Harremanik badaukazue Kristau Eskolarekin?

Negoziazio mahaia iazko ekainean apurtu zen, [Espainiako] estatuko hitzarmenera pasatzea erabaki zuelako Kristau Eskolak. Geroztik egin ditugu bilera batzuk, informalak, azkena otsailaren 20an. Besterik ez.

Zergatik daude negoziazioak blokeatuta?

Kristau Eskola ez da ausarta, bertako lan hitzarmena martxan jartzeko. Guk behin eta berriro eskatu diogu hori: bertako hitzarmena martxan jar dezala. Gero hitz egingo dugu soldatei eta diru kontuei buruz, baina behintzat hitzarmena martxan jar dezala. Auzitegi Gorenean helegitea jarrita dauka, eta hori ebatzi arte ituna martxan jartzea nahi dugu. Gero negoziatuko ditugu beste puntu batzuk, apurka-apurka, hori bezain garrantzitsuak direnak.

LABek ez du bat egin biharko grebarekin. Zer gertatu da? Non daukazue desadostasuna?

Guk ez dugu esaten grebarik ez dela egin behar. Guk ez dugu deitzen greba honetara. Zergatik? Ikusten dugulako interes batzuk daudela greba horren atzetik, eta batez ere diruari buruz hitz egiten dela. Guretzat, gatazka honetan, diruaz aparte, badaude beste kontu batzuk hitz egin beharrekoak direnak. Guretzat oso garrantzitsua da lanpostuak bermatzea: gaur egun lanean daudenek jarraitzea datorren ikasturtean ere. Oso garrantzitsua da, baita ere, langileek parte hartzea ikastetxeetan. Zorrari buruz hitz egitea ere oso garrantzitsua da, baina ez orain ordaintzea; goazen malgutasun batekin hitz egitera diru kontuei buruz. Hori guztia ez da islatzen beste sindikatuen planteamenduan. Bakarrik doaz lan hitzarmena berehala martxan jartzera, soldata taulak eta guzti bilduta. Eta, noski, horretan Kristau Eskolak ez du amore ematen. Ikastoletan akordioa egiteko aukera izan badugu, zergatik hemen ez?

Ikastolekin akordioa egiteak eragina du LABek Kristau Eskolen gatazkan daukan jarreran?

Noski. Azkenean, diru iturria bera da: itunpekoak dira biak, eta Eusko Jaurlaritzatik dator haien diru iturria. Beraz, patronalen aldetik borondatea badago negoziatzeko, guri berdin digu ikastolak izan, Kristau Eskola izan edo IZEA izan [Irakaskuntza Zentroen Elkarte Autonomoa]. Kristau Eskola prest badago guk aldarrikatzen duguna aurrera eramateko, prest gaude negoziatzeko. Kontuan edukita lanpostuen defentsa dela guretzat garrantzizkoena.

Hain zuzen ere, Kristau Eskolak ohartarazia du orain beharginei guztia ordaindu behar izateak arriskuan jarriko lukeela eskola batzuen bideragarritasuna. Berdin uste duzue zuek ere?

Bai. Hori argi dago. Eta ez dira ikastetxe bat edo bi; eskola nahikotxo dira. Are gehiago, ikastetxe asko sartu dira kredituetan, eta ondarea galtzera eramaten dituzte kreditu horiek. Beraz, lanpostuen galeraren aurrean gaude.

ELAk ez du ontzat jo ikastolekin sinatu duzuen akordioa. Soldatak bigarren mailan utzi dituzuela dio...

ELAk jakingo du zergatik saltzen duen hori, zer estrategia daraman. Guk gure bidea egingo dugu. Guretzat oso garrantzitsua da ikastoletan sinatutako akordioa. Eta are gehiago esango dut: ELAko ordezkari askok eta askok sinatu egin dute akordio hori. Beraz, hain txarra ez da izango.

Finantzaketa publikoa handitzeko eskatu dute itunpekoek. Behar hori ikusten duzue?

Bai. Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari eskatu diogu finantzaketa sistema berri bat. Ez soilik itunpekoetarako, zerbitzu publiko guztirako baizik. Lege berri baten haritik etorriko da hori. Baina, noski, diru publikoa dagoen heinean, kontrol publikoa ere egon beharko da. Publiko-itunpeko dikotomia apurtze aldera, diru publikoa jasotzen den heinean, kontrol publikoa behar da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.