"Dakigun bezala, Nafarroako Gobernua zirrikitu administratiboak baliatzen dabil apirilaren 17tik 20ra Altsasun ospatzera goazen Burutakzio topaketak bertan behera geratzeko. Horrelako neurriekin, argi erakusten digu gazteok geroa eraikitzeko daukagun grin eta sormenak traba egiten diola Nafarroako Gobernu ustel eta atzerakoiari.
Topaketekin aurrera jarraitzeko, ordea, moldaketak egitera behartu gaituzte ilegalizazioaren mehatxupean. Hori dela eta, hiru egunetarako aurreikusita geneukan egitaraua bi egunera murriztuko dugu, ostiral goizean hasiera emanez, horrela izena eman duten mila berreundik gora gazteoi eztabidarako zein praktikarako espazio bat eskaintzea lehenetsiz. Gazte Burutakzio topaketak beraz, ostiral goizean goiz hasiko ditugu prestatuta geneukan egitaraua mantenduz. Jakitun gara mehatxuek eta jarritako trabek helburu bakarra dutela: gu kikildu eta topaketak bertan behera geratzea. Horren adibide da topaketak hasi baino egun bakar bat lehenago halako trikimailuekin etortzea. Barcina, badirudi ahaztu egin zaizula aspaldi irabazi geniola gerra beldurrari…
Egunero itotzen gaituen sistema kapitalista eta patriarkalari aurre egiteko tresnak elkarbanatu eta jendarte aske baterantz guztiok batera ekitea da Nafarroako Gobernua amorrarazten duena. Eta helburu horrekin berarekin antolatu ditugu topaketak datozen egunetarako, etorkizuna gaurdanik elkarrekin eraikitzeko, hain zuzen. Egunero erakusten dizuegu ezin duzuela oraina konkistatu, oraina gu geu garelako. Gazteok burua eta akzioa uztartuz, aurrera goaz!"