Zigorrak murriztu eta espetxea saihesteko, akordioa egin dute fiskalarekin Ekineko kide izatea egotzita epaitu dituzten bost lagunek, eta auzipetuek nahiz Sortuk azpimarratu dute 04/08 sumarioan lortutako eskema berari jarraitzen diola gaurko akordioak.
Urtarrilean ziren epaiketa egitekoak, Seguran, 2007an atxilotutakoen aurka, baina lehen egunean eman zuten akordioaren berri. ETAri laguntza ematea egotzita, "erakunde terroristako kide" izatea leporatu zien fiskalak. Auzipetuek, akusazioak onartu, eta aitortu zuten Espainiako legeria urratu zutela beren jardunean. Harago joan ziren; "indarkeriaren erabilera ororekiko arbuioan" beren konpromisoa agertu zuten, horrela biktimei "eragin zaien minaren aitortza eta erreparazioa" egiteko.
Kasu horretan, atxiloketak egin eta zortzi urtera izan zen epaiketa. AVTk eta Dignidad y Justiciak onartu zuten bost urte baino gehiago igaro zirela akusazioa egin zenetik epaiketa hasi den arte, eta atzerapen hori ezin zitzaiela auzipetuei egotzi.
Espainiako Zigor Kodeak aringarritzat jotzen du luzamendu hori. Bestalde, uztailean indarrean sartu zen Zigor Kodeak jasotzen duenez, epaileak erabaki dezake zigorra gradu bat edo bi murriztea, egindako delitua "objetiboki" ez bada "hain larria" erabilitako bitartekoei eta izandako emaitzei erreparatuta. Hori ere aintzat hartu zuten akordioan zigorrak murrizteko. Auzitegi Gorenak kode berritua erabili zuen iazko azaroan, Auzitegi Nazionalak Segiko kide izatea egotzita zigortutako zazpi gazteren zigorrak murriztuz. Segurako auzian berritasuna zen, ordea, irizpide hori Auzitegi Nazionalean ezarri izana.