Dozenaka argitalpenen artean, bada Gagnonek landutako gaiak euskaraz irakurtzeko aukera: Ziurgabetasunaren aroa: federalismoari eta nazio aniztasunari buruzko saiakera (Alberdania, 2013) eta Nazio bateratzailerik ez: nazio ugariko federalismoaren aldeko aldarria (HAEE, 2009).
Sezesio ziklo baten aurrean al gaude?
[Youtube] http://youtu.be/yE8xtzmD_GE[/Youtube]
Baliteke laugarren uhin independentista batean egotea; ikusi dugu kataluniarrek, euskal herritarrek nolabait, quebectarrek, eskoziarrek…independentziarako eskubideari buruz galdetu diotela bere buruari. Estatu zentralek eta horiek ordezkatzen dituztenek, ordea, ez dute batere jarrera irekia erakutsi independentziaren aurrean, eta desira independentista elikatu du horrek. Nazio minoritarioen aldarrikapenen aurrean irekiagoak eta abegikorragoak izan beharrean, egoskorrak izan dira.
Komunitate nazionalak aipatu dituzu. Horiek jarraitzen al dute erabakitzeko eskubidearen oinarrian? Edo paradigma aldaketa bat eman da?
[Youtube] http://youtu.be/fijXOKuiHZI[/Youtube]
Autodeterminazio eskubidea eskubide naturala da, zentzu honetan: komunitate nazional guztiek izan dezakete autonomo edo independente bihurtzeko nahia. Ez da errealista, komunitate nazional guztiek ezingo dute egunen batean independente izan, praktikoak ere izan behar baikara. Beraz, beste bitarteko batzuk bilatu behar dira, komunitate nazionalei ahalbidetzeko estatu multinazional eta plurinazionalen barruan eboluziona dezaten.
Sezesioa auzi morala al da?
Autore ugarik landu dute sezesioaren eskubide morala. Gaur egun demokrazia liberal aurreratuetan sezesio eskubidea zilegitasun osoa duen eskubidea da, gobernuek errespetatzen ez dituzten heinean estatuen funtsean bertan dauden komunitateak. Komunitate nazionala aitortzen ez bada, normala da komunitate historiko nazionalek —euskal nahiz kataluniar komunitateak, adibidez- beste zeozer egin nahi izatea. Badago autodeterminaziorako eskubide moral bat, baina jakin beharra dago zertarako; zeintzuk diren bilatzen dituzten helburuak, egungo estatuaren barruan aurkitu ezin dituztenak. Ezkerrerago dagoen estatu bat? Zentralizatuagoa? Galdera horiek eztabaidatuak behar dira.
Talka bat dago demokraziaren bi kontzepzioren inguruan: zuzenbide estatua edo gehiengoaren borondatea. Erabakitzeko eskubidea elementu demokratizatzailea da, ala kontrakoa?
[Youtube] http://youtu.be/S_LXhhE3C-s[/Youtube]
Sarri egiten zaigun galdera da ea zuzenbidearen arauak izan behar diren nagusi, edo faktore garrantzitsuagoagorik badagoen. Kanadako Gorte Gorenak hartutako erabakiari erreparatzen badiogu, ez zuen ebatzi zuzenbidea zela garrantzitsuena, baizik eta elementu ugari daudela zuzenbidea perspektiban jartzen dutenak. Kanadan, konstituzionalismoa, federalismoa, demokrazia eta zuzenbidea dira elementu horiek, gutxiengoen babesarekin batera.
Zertan da independentismoa Quebecen?
[Youtube] http://youtu.be/PI16YZxfwHw[/Youtube]
Inkestei begiratuta, irudipena dago quebectarrak duela hamar edo hamabost urte baino gutxiago direla independentistak. Baina belaunaldi berriei -35 urtetik beherakoei- galdetuz gero independente izan nahi duten, gazte horietatik gehienak jada independenteak dira. Haientzat, guraso eta arbasoen borrokak arautu du auzi nazionala, eta eurak jada independenteak dira; ez dute zerikusirik Kanadarekin. Hori kezkagarria da niretzat; Kanadan fenomeno plurinazional gisa sinesten duenak begira dezala zertan den federazioa. Gazteak marko kanadiarretik irten dira.