Alderdi batzuen jarrera salatuko du AHT Gelditu! Elkarlanak hauteskunde kanpainan

2009ko otsailaren 11
14:43
Entzun
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen harira, AHT Gelditu! Elkarlanak zenbait alderdi politikori Abiadura Handiko Trenaren (AHT) proiektuaren gaineko galdera zuzenak eta haien jarrera eta salatzeko asmoa du hauteskunde kanpainan. Hala adierazi dute elkarlaneko kideek gaur emandako prentsaurrekoan. Gainera, larunbatean Gipuzkoako Tolosan eta igandean Legorretan egingo dituzten mobilizazioetarako deia zabaldu dute.

"AHT Gelditu! Elkarlanak, Gasteizko legebiltzarrerako hauteskundeak direla eta, AHTren gaian zenbait alderdi politikoren jarrera salatzeko kanpainari ekin dio", azaldu dute elkarlaneko kideek. Beren kanpaina ardatz honetan ere oinarrituko dute: "Proiektua martxan jartzeak gure etorkizunean eta ondorengo belaunaldiengan kalte ekologiko, ekonomiko eta sozialak eragiten duelako, eta, gainera, erabakiak hartzerakoan herritarrak erabat gutxietsiz hartzean duten arduragatik ere galdera egingo diegu alderdiei".

Espainiako Gobernua eta Eusko Jaurlaritza eraikitzen ari diren azpiegitura erraldoiaren aurrean gizarteko sektore batek duen jarrera eta oposizioa gogorarazi diete alderdiei AHTren kontrako bilgunekoek: "Beste behin ere, alderdi politikoei gogorarazi behar diegu gehiengo sozial eta sindikala AHTren aurka dagoela eta beraz, ezinbestekoa dela lanak gelditzea, eztabaida zabal bat irekitzea eta herritarrei, adostasun sozialik gabeko egoeran uzten gaituen proiektu honi buruz erabakitzeko ahalmena itzultzea".

"Herritarroi ez digute erabakietan parte hartzen uzten"

"Zalantzarik gabe, AHTren aurka sortutako mugimendu sozialaren garrantziak Legebiltzarreko gehiengoa eta gehiengo soziala ez direla gauza bera adierazten digu. Aurkakotasun hori hor dago eta inongo amarruk ezin izan du sinestarazi gaur egun herritarrek erabakietan parte hartzeko ahalmena dugula", salatu dute.

AHTren inguruan herritarrek duten iritzia "oso argia" dela nabarmendu dute proiektuaren kontrakoek: "Herritarren gehiengoak uste du AHTren inguruko eztabaidan eta erabakietan, gizartearen parte-hartzea errazteko bideak ez direla nahikoak izan. Hain zuzen ere, herritarrak eta mugimendu sozialak prozesu horretatik kanpo geratzeaz gain, informazioa eskuratzeko zailtasun nabarmenak jarri dituzte eta udalerrien autonomia ia baliogabetu dute".

Horregatik, AHT Gelditu! Elkarlanak AHTren lanak gelditu eta eztabaida irekitzeko exijentziari eusten dio. "Eztabaida hori, Legebiltzarreko eta gaur egungo muga politiko estuetan giltzaperatzetik urrun, gizarte osora ireki beharko litzateke. Era berean, zenbatezinak diren mobilizazioetan eta zuzenean kaltetutako udalerrietan herri kontsulten bidez AHTren aurka azaldu den herritar multzo zabala errespetatzea exijitzen dugu".

Alderdien jarrerak, AHTren iritziz

Ezker abertzaleak (Batasunaren ingurukoa eta Aralar) AHTren proiektua gaitzesten du, eta hura beren kritiketatik kanpo utzi ditu AHT Gelditu! Elkarlanak. Haatik, gainerako alderdien jarrerak aztertu eta salatu ditu:

EAJ eta PSOE:

"Biak ala biak dira euskal Y-aren lanak martxan jarraitzearen arduradun nagusiak. Martxan jarraitzen baitute, euskal gizartean AHTren inguruan ezadostasun sakonari entzungor eginez. EAJren burukideak beren esku dagoen guztia egiten ari dira AHT inposatzeko, azpiegitura handiak eraikitzearen negozioan duten interesa lehentasun osokoa dela eta beren interesen oinarrizko giltza dela adieraziz. AHTren lanen negozio itzela banatzeko EAJ eta PSOEren artean hitzartu zuten euskal Y-aren finantzazio-ituna, Ibarretxe Plana-ren apeta soberanistak alde batera uztearekin batera etorri den pelotazoa eta politikakeria izan dira".

"Hala, EAEn [Espainiako] estatu mailako eskumenak diren azpiegiturei buruzko erabakiak, ezbairik gabe, PSOErentzat EAJren gaineko kontrol politikoa izateko tresna ordezkaezina bihurtu dira. Azkenik, nahiz eta Ibarretxe [EAEko] lehendakariak etengabe demokrazia parte-hartzaileaz hitz egin, errealitatea da Euskal Herrian ezin dela demokrazia formal batez hitz egin ere. Horren harira, gogora ditzagun Urbinako [Araba] euskal Y-aren lanetara eginiko azken manifestazioan polizia autonomikoak erabili zuen bortizkeria eta Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak AHTren aurkako herritarrak kriminalizatzeko egin zituen saioak, desobedientzia zibileko protesta ekintza baketsuak terrorismotzat hartuz; horrek guztiak, argi uzten du errepresioan sakontzen eta AHT indarrez inposatzen jarraitzeko asmoa dutela", salatu du AHT Gelditu! Elkarlanak.

EA:

"Aipatzekoak dira Eusko Alkartasunak eztabaida honetan bere gain hartu dituen ardurak, nola zuzenean hala zeharka, Eusko Jaurlaritzan edo EUDELen nahiz beste erakunde batzuetan egonez. Bereziki onartezina da, Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saila AHTk eragingo lituzkeen kalte sozio-ekonomiko, ekologiko, lurralde antolamenduko eta abar luze eta sakonen aurrean mutu geratzea. Askotan ikusi izan dugu Esther Larrañaga, sinestezina den iraunkortasunari buruzko diskurtso arbuiagarriarekin, AHTk ingurumenean, gizartean eta lurralde antolamenduan eragingo dituen kalte atzeraezinak estaltzen ahalegintzen. Aitzitik, Eusko Jaurlaritza eta Foru Aldundiak AHTrekin batera sustatzen ari diren plan ofizialak azpiegitura erraldoiak ugaltzeko politikan oinarrituta daudela esan behar da argi".

"Azpiegitura horiek guztiek —hala nola, errepide eta autopista sareak etengabe hedatzea, edo Pasaiako Superportua [Gipuzkoa]—, kostu ekonomiko itzelaz gain, kalte ekologiko eta sozial handiak ere eragingo dituztela kontuan hartuz, argi dago instituzioetatik bultzatzen ari diren garraio-politika erabat suntsitzailea eta jasanezina dela. Ingurumen sailburuaren ilusionismoaren aurrean, Eusko Alkartasunean ardura politikoak dituzten zenbait pertsona badira, besteak beste, Mikel Mintegi (Arabako Ingurumen Diputatua), Martin Aranburu (Kongresurako Bizkaiko zerrendaburua) edo Pedro Berriozabal (Legutioko alkatea), partiduaren iritzi ofizialarekin bat egiten ez dutenak; partiduan bertan AHTren inguruko eztabaida eta hausnarketa sakonik eman ez denaren isla garbia".

Ezker Batua:

"IU-EBren zuzendaritzaren jarrera AHTren inguruan larria dela iruditzen zaigu. Kasu honetan, hauteskunde-interesetatik at, alderdi honek ez du AHTri erantzunez behatz bakar bat mugitzeko inongo asmorik erakutsi. Ihes egitea eta faltsukeria dira, ezbairik gabe, IU-EBren jarreraren oinarri, euskal Y-a gelditzeko ezer ez egiteaz gain, eskatu ere ez baitu egiten, nahiz eta bizitza publikotik ez desagertzeko eta EAJren gobernuko maskota ezkertiarra baino zerbait gehiago dela adierazteko egiten dituen esfortzu etsiek, noizean behin, AHTren aurka dagoenaren itxurak egiten dituen".

"Administrazio autonomiko neoliberalarekin duen aliantzak argi uzten du aurka dagoela dioen interesekin konplizitate osoa duela, eta hori ezin liteke kapitalismoaren kudeaketan parte hartzeko borondate gisa baino ulertu: euskal Y-a eraikitzeko lanetara bideratuko den gastu publikoa Etxebizitza, Gizarte Segurantza eta Laneko Osasuna, Euskara, Oinarrizko errenta eta GLLak batera duten gastu publikoa gainditzen du, eta IU-EBko legebiltzarkideek aurrekontu horiek babesteko gutxiengo lotsarik ere ez dute izan. Beraz, kamaleoiaren pare, AHTren inguruan IU-EBren zuzendaritzaren jarreran jasotzen den amore-emate zaurgarri eta deitoragarria gogor salatu nahi dugu".

"Zergatik ez diete herritarrei argi adierazten Eusko Jaurlaritzan egingo duten kudeaketatik ezin daitekeela ezer espero? IU-EBk zer pentsatzen du egitea hemendik aurrera?", galderarekin amaitu du AHT Gelditu! Elkarlanak Ezker Batuaren jarraren kritika.

Mobilizazioak Tolosaldean, asteburuan

AHTren inguruan "egoera instituzionalak atsekabegarria izaten jarraitzen badu ere, herrietan jorratzen ari den herri-erantzunak konpromisoak indartzen ditu", diote proiektuaren aurkakoek. Hori dela eta, AHT Gelditu! Elkarlanak bere babes osoa adierazi dio Legorretan (Gipuzkoa) datorren igandean AHTren inguruan egingo den herri-kontsultari. "Bertan, herri-ekimenak jarduera ugari antolatu ditu azken hilabeteotan herritarrak informatu eta beren iritzia emateko animatzen, herritarrek erabakitzeko borondatea dutela adieraziz".

Era berean, handik hurbil, Tolosan datorren larunbatean 17:00etan Triangelu plazatik AHT gelditzea exijitzeko irtengo den manifestazioan parte hartzeko deialdia egin du elkarlanak. "Bertan, Eusko Jaurlaritzak AHTren lanak Beasain eta Tolosa artean hedatzeko duen asmoari ezezkoa emango dioten herritarrak bilduko dira. Helburu horrekin, bi ibilaldi irtengo dira goizeko 10:00etan Beasain eta Andoaindik Tolosako manifestazioarekin bat egiteko".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.