ALDERDIEN IRITZIAK. EAJ: "Tamaina honetako ekimenik ez da izan herri honetan"

2007ko irailaren 28a
17:58
Entzun
14:30ean hasi dira Eusko Legebiltzarreko taldeen bozeramaileak hitz egiten Ibarretxeren hitzaldiaz. Aralarri egokitu zaio lehendabizi, EAJ izan da azkena. Hauek dira bakeaz, normalizazio politikoaz eta herri galdeketaz eman dituzten iritziak.

EAJ: "Tamaina honetako ekimenik ez da izan herri honetan"

Joseba Egibar: "Ibarretxek gaur aurkeztu duen ekimenaren tamainakorik ez da izan herri honetan. Data bat jarrita dago eta hori denek dakite. Desafio demokratikoa da, ez totalitarioa, ez subiranista. Demokratikoa da. Eta zergatik jartzen da jende bat urduri? Lehendakariak ez du eskubide berririk asmatu. Herritarrek eurena duten eskubidea gauzatuko dute, eta gatazka politikoari irtenbidea emateko ekimena izango da. Espainiaren legaltasunaren menpeko ez garenean lor dezakegu transbertsalitatea, bestela ez. Oinarrizko eskubideen aitortza ez badago, ezin da hitz egin berdintasunaz. Aitortza eskatzen dugu, errespetua, proiektu politiko denak gauzatzeko. Zer egin zuten Irlandan? Horixe. Eskozian ere naturaltasun osoz ari dira horretaz hizketan. Bake prozesua hautsi zuena, ETA izan da, ez EAJ. Joan den maiatzeko hauteskundeetan bost egunez etxe berean gela batean ETA eta Espainiako Gobernua egon ziren hitz egiten, eta beste gelan Batasuna eta PSOE. Han hautsi zen bake prozesua; ETAk erabaki zuen haustea. Gu ez ginen egon etxe hartan eta, EHAK-k dioen bezala, EAJ al da bake prozesua hautsi zuena? Ez, ETA izan zen".

PSE-EE: "Prest gaude elkarrizketarako, baina joko arauen barruan"

Patxi Lopez: "Ibarretxek subiranotasun obsesioekin segitzen du, ikusi dugun bezala. Erantzuna, ordea, erabatekoa izango du. Iraganarena ez omen du itzuli nahi, baina berriro bere planaz eztabaidatu nahi du. Noiz eta Madrilgo Kongresuak 2005ean ezezkoa esan zionean plan horri eta 2005eko hauteskundeetan plan horrekin aurkeztu zenean 140.000 boto galdu zituenean. 2008ko ekainean Espainiako Gobernuarekin hitzarmena lortu nahi duela dio; eta hemengo alderdiekin? Berea edo berea nahi du Ibarretxek. Hala ere, sozialistok prest gaude elkarrizketara, baina betiere joko arauen barruan egiten bada. Orain bakeak eta askatasunak baino ez dute balio, ETAk su-etena hautsi egin duelako. Beste helburuek, zilegiak izan arren, ez dute balio. Indarkeriarik gabeko egoera behar dugu akordio zabala eta desberdinen artekoa lortzeko. Pausoak: indarkeriarik ez, akordio hori lortu, Espainiako Gobernuarekin akordioa lortu ondoren eta bukaeran erreferenduma EAEn. Baina, askotan esan dudana esango dut: Euskadi ikusgarria eta kalitatekoa da, gizarte langile eta dinamikoa du, baina Gobernua, txarra".

PP: "Ibarretxek ez du ETA garaitu nahi"

Maria San Gil: "Erasoaldi abertzalea da hau, Ibarretxek proposatu duena. Eta ETAri arrazoia ematen dio. Baina legedi bat badago, zuzenbide estatua badago, [EAEko] Estatutua, Espainiako Konstituzioa, eta PP izango da horren denaren bermea. Erasoaldi hau egon arren, ez gara beldurtuko. Espainiako parte garela defendituko dugu. XXI. mendean gaude eta Ibarretxek proposatu duena anakronikoa da. Absurdoa ere bai, 1977tik euskal herritarrek erabaki eskubidea dutelako, hauteskundetik hauteskundera gauzak erabakitzen ari direlako, eta horregatik da Ibarretxe lehendakari. Baina esan beharra dago: behin ere ez gara libreak izan [ETAgatik], eta lehendakariak goizeko hitzaldian ez du aipatu ere egin hori. Ibarretxek ez du ETA garaitu nahi. Izan ere, garaitu nahiko balu, EAJren proiektu independentista hustu egingo litzateke".

EHAK: "Marko autonomiko zatikatzailearen proposamenak ez digu balio"

Nekane Erauskin: "EAJk bake prozesuari ez esan, gatazka politikoaren konponbide aukerari ez esan, eta orain Ibarretxe herri galdeketarekin dator... Diskurtso horrekin dator, baina egunerokoan Ertzaintza darabilki ezker abertzalearen kontra egiteko... 30 urte hauetan Espainiako Estatuarekin eskuz esku aritu da EAJ. Alderdi interesengatik eman zion ezezkoa bake prozesuari. Marko autonomiko hau negozioa egiteko erabili du. PSOEk, berriz, lurralde zatiketa mantentzeko esan zion ezezkoa bake prozesuari. Ez dute borondaterik izan biek. EAEko Estatatua eta Nafarroako Foru Hobekuntza marko autonomiko zatikatzaileak dira, agortuak, baina Ibarretxek hiru lurraldera mugatzen du bere proposamena. Horrek ez digu balio. Herri honen gehiengoak aldaketa nahi du, marko demokratikoa nahi du, gaurkoak gaindituta. Ezker abertzaleak Hego Euskal Herriko lurraldeak batu nahi ditu marko berrian, erabaki eskubidea lortu eta independentziaren aldeko proiektuari ateak zabaltzeko".

EA: "Trantsizioa bukatu egin behar da"

Unai Ziarreta: "Trantsizioa ez zen bukatu, eta hori amaitu beharra dago. Horregatik, EAJk eta EAk 2005eko hauteskundeetako programan herri galdeketaren gaia sartu genuen, eta orain aurrerapausoak eman behar ditugu. PPk eta PSE-EEk zergatik diote beldurra herritarren hitzari? ETA bukaeran fasean dago, sufriarazi egingo gaitun arren. Baina politika egin behar dugu normalizazioa lortzeko. Guk, 2005ean baino gehiago dakigu, eta badakigu Zapaterorekin kontu handiz ibili behar dugula. Ez diogu 2005ean [Espainiako] Kongresuan [EAEko] Estatutu politiko berriaren proposamenari atea itxi ziolako bakarrik. Begira zer egin duen Kataluniako Estatutuarekin edo zer egin duen Nafarroan. Akordio berria behar dugu, bi zutabe hauetan oinarrituta: Euskal Herriaren aitortza nazio gisa eta erabaki eskubidea".

EB: "Ausardia izanik baliatu behar dugu aukera hau"

Oskar Matute: "Aukera hau behar bezala baliatu behar dugu, ausardia izanik. Ataskatuta bagaude, hori ETAren errua da, bera da errudun bakarra. Hala ere, lege batzuek (Alderdien Legeak, kasu), edota 18/98 eta Egunkaria auziek ez dute batere lagundu; egoera okertzeko balio izan dute. PSOEk Madrildik Nafarroan egin duenak ere ez du lagundu. [Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako] Gizartearen %60ak etorkizuna erabaki nahi du. Akordioetara iritsi beharko da, eta ariketa hori egin beharra dugu".

Aralar: "Eztabaida orain, kontsulta nola egingo dugun da"

Aintzane Ezenarro: "Pozik gaude, herri galdeketari data jarri diolako Ibarretxek. Garai berria irekitzen da, eta orain eztabaida ez da kontsulta egin behar den edo ez, baizik eta nola egingo den. Dena dela, lehendakariak ez du zehaztasun handirik eman prozeduraz. PPk eta PSE-EEk asko hitz egiten dute transbertsalitateaz, baina gero ez dute eztabaida politikoan sartu nahi. ETAri ere mezua: 'Nik ez badut lortzen, inork ez dezala lortu' zurrunbilotik irten egin behar du (hala aritu da Nafarroan), euskal gizarteari bidea egiten uzten".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.