Espainia / Inbestidura saioa

Alderdien lehen erreakzioak

2004ko apirilaren 15a
17:45
Entzun
Zapaterok inbestidura saioko lehen hitzaldia amaitu duenean, gainerako alderdiek egin dituzten lehen adierazpenak dira honakoak:

PP

Zapaterorena "diskurtsu hutsa" eta beste alderdiekiko hitzarmenek baldintzatua izan da PPren iduriko

Zapateroren hitzaldia amaitu eta berehala Eduardo Zaplana Espainiako Kongresuko PPren taldeko bozeramaileak agertu duenez, "diskurtsu hutsa eta zehazgabea" izan da PSOEko buruzagiarena. "Bertan behera zer utziko duen esan digu; zer ez duen egingo ere bai. Ordea, zer egingo duen ez", agertu du. Zaplanaren ustez, gobernua osatzeko beharrezkoa duen gehiengoa lortzeko beste alderdiekin egin dituen hitzarmenek baldintzatu dute guztiz Zapateroren hitzaldia, eta horregatik izan da hain zehazgabea. PPren bozeramaileak esan du, alderdi horiek beren babesaren truke zenbai neurri politiko eskatu dizkiotela Zapaterori, eta horiek zein diren agertzera ez dela ausartu hautagai sozialista.

ERC

Zapaterori entzunda, Kataluniak autonomi estatutu berria eduki ahal izango duela uste du ERCk

"Optimismo zuhurrarekin" hartu du ERC alderdi independentista katalanak Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidentegaiaren hitzaldia. Joan Puigcercos ERCren Espainiako Kongresuko bozeramaileak agertu duenez, Zapaterori entzunda Kataluniak autonomi estatutu berria eduki ahal izango duela uste du ERCk. Izan ere, azpimarratu du Zapaterok jarri duen baldintza erreforma "adostasun politiko eta sozial zabalaz" egitea dela, eta Katalunian adostasun zabal hori gauzatua dagoela.

Bestetik, Espainiako Hidrologi Planaren inguruan Zapaterok iragarri dituen neurriak ez direla guztiz beren gustukoak adierazi du Puigcercosek, baina, hala ere, plangintza hori atzera botatzeko bidea irekitzen dutela.

Ostera, pozik hartu dute Hezkuntza Kalitate Legea bertan behera uzteko asmoa, eta, oro har, "Zapaterok agertu duen jarrera irekia".

Biharko bozketan PSOEko hautagaiaren aldeko botoa emango dutenetz gutiz erabaki dutela adierazi du Puigcercosek, baina arratsaldeko mintzaldietan Zapaterok goizeko lerro berei eusten badie, ziurrenera, aldekoa izango dela.

EAJ

Itun Antiterrorista zabaltzeko asmoak ez dio konfiantzarik sortzen EAJri

Josu Erkoreka EAJren Espainiako Kongresuko bozeramailea zuhur agertu da Zapateroren hitzaldiaren inguruan. Esan duenez, Espainiako presidentegaiak ez du jeltzaleentzat "ilusioa pizteko modukoak" diren proiekturik aurkeztu, baina, era berean, ez du abertzaleen kontra PPk ohikoa zuen "jarrera oldartua" erabili. Ondorioz, abstentzioaren jarrerari eutsiko diotela agertu du.

PSOEk PPrekin duen Itun Antiterrorista beste alderdiei zabaltzeko asmoa, berriz, konfiantza handirik gabe hartu du EAJk. Erkorekaren iduriko, Zapaterok arlo horretan proposatu duena ez da erraz ulertzekoa. Izan ere, Erkorekak nabarmendu du, PSOEren hautagaiak adierazi duela Itun Antiterroristari orain arte bezala eutsiko diotela, hau da, PPren eta PSOEren harremana ardatz izanik, eta ardatz hori alderdi guztien foro batekin ez duela oso bateragarri ikusten. "PP eta PSOEren arteko Itunaren baitan hartuko dituzte erabakiak eta alderdien foroa informatzeko baino ez da izango?", galdetu du Erkorekak. Auzi hori argitu arte, ezkor agertu da Zapateroren proposamenari dagokionez.

EA

Zehaztasun falta sumatu du EAko Begoña Lasagabasterrek

Zapateroren hitzaldiak ez ditu EAren Espainiako Kongresuko diputatu Begoña Lasagabasterren aurreikuspenak ase. Lasagabasterrek onartu du Jose Maria Aznarren Gobernuak zuenarekin alderatuta "jarrera aldaketa nabarmena" agertu duela Zapaterok, eta, funtsean,gauzak egiteko beste modu bat adieraz dezakeela. Halaber, iragarri dituen zenbait neurrirekin gustura daudela esan du, besteak beste, Espainiako Hezkuntzako Kalitate Legea bertan behera uztekoarekin, eta pertsona guztien eskubide zibilak aintzatestekoarekin.

Baina gainerako arloetan, batik bat, Euskal Herriko auziari dagozkionetan, Zapatero zehazgabe aritu dela adierazi du Lasagabasterrek. Hala, estatutuaren erreforma gauzatzeko "gehiengo zabalaren" premia aipatu duela gogorazi du EAko diputatuak, baina ez duela zehaztu, legebiltzar demokratiko baten —Eusko Legebiltzarrarena, kasu— gehiengoa balekotzat hartuko lukeen.

Era berean, Zapatarok Espainiako herri diferenteen bereizgarrien errespetua aipatu dituela Azpimarratu du EAko diputatuak, baina bereizgarritasun horiek ez dituela edukiz edukiz bete, eta esaterako, Euskal Herriaren eskubide historikoak ez dituela aipatu. "Datuak falta zaizkigu gai horietan nola jardungo duen jakiteko", agertu du.

Nafarroa Bai

Terrorismoaren Kontrako Itunak egungo marko politikoarekin ados ez dauden alderdi eta sektoreak baztertzen dituela gogorarazi du Nafarroa Baik

Espainiako Parlamentuan Nafarroa Bai-ko ordezkaria den Uxue Barcosek abstentzioaren aldeko jarrerari eutsiko diola esan du, Jose Luis Rodriguez Zapateroren diskurtsoan "inolako ezustekorik" hartu ez duelako; itxaroten zutena aurkitu dutela dio.

Hala ere, pozik daude, "azken lau urteetan gertatu ez den bezala", Zapaterok elkarrizketa erabiliko duelako gobernatzeko "oinarrizko tresna" gisa. Hala ere, diskurtsoan zehaztapenak falta direla esan du, adibidez, bere ustetan nahiko presazkoa diren nazioarteko gaietan. Arlo ekonomikoari dagokionez, azaldutago gaiek eta gogoek programa "anbiziotsua" dela azaltzen dutela esan du, baina, hor ere neurri zehatzak bota ditu faltan.

Bestalde, Terrorismoaren Kontrako Itunak egungo marko politikoarekin ados ez dauden alderdi eta sektoreak baztertzen dituela gogorarazi nahi izan dio Zapaterori.

Beraz, diskurtsoak ez duela beraien iritzia aldatu esan du, eta biharko bozketan abstenitu egingo direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.