Politika

Alderdien mahaia "Ibarretxek planteatutako moduan" ez du bideragarri ikusten Ramon Etxezarretak

2005eko ekainaren 24a
11:22
Entzun
Bakea eta normalizazioa bultzatzeko alderdien mahaia "Ibarretxek planteatu duen moduan" ez du bideragarri ikusten Ramon Etxezarreta Donostiako Udaleko PSE-EEko zinegotziak. Etxezarretaren iduriko, horrelako prozesuak beste era batera bideratu behar dira: hau da, biltzeko lana isilpean egin behar dela iritzi dio, eta ondoren egin behar direla iragarpenak. EAJko Markel Olanok Ibarretxek esandakoa gaizki ulertu dela erantzun dio, eta lehendakariarena beste ekarpenei irekitako proposamena baino ez zela. Batasuneko Pernando Barrenak eta Aralarreko Mikel Basabek, berriz, ezinbestekoa ikusten dute tankera horretako mahai bat abian jartzea. Euskadi Irratiko politikarien solasaldian egin dituzte adierazpen horiek guztiak.

Izan ere, Ibarretxe hirugarrenez Jaurlaritzako lehendakari hautatu izana eta hark inbestidura saioan bakegintza eta normalizazioa lortzeko proposatutako "bazterketarik gabeko elkarrizketa mahaia" eratzea izan dituzte mintzagai nagusietakoak.

EAJko Olanok, Batasuneko Barrenak eta Aralarreko Basabek oso harrera ona egin diote proposamen horri. Barrenak, esaterako, aurrera egiteko "bide bakarra" dela adierazi du, nahiz eta une honetan, PSEko eta PPko buruzagitzek agertutako jarrera tarteko "bideragarria" den zalantzan jarri. Nolanahi ere, sozialisten eta PPren une honetako jarrera horrek ez duela "garrantzia handirik" esan du Batasuneko buruzagiak, "egoerak aurrera egiten duen heinean" mahaia eratzea eta bakegintzan urratsak egitea "inork" ezingo duela eragotzi uste baitu.

Ildo beretik, Aralarreko Basabek tankera horretako mahai bat eratzea derrigorrezkoa dela nabarmendu du, eta ahal dela alderdi guztiek egon behar dutela mahai horretan. Horregatik, PSEren eta PPren jarrera kritikatu du, betoak jartzen ari direla iritzi baitio, eta betoak jartzea ez delako "abiapuntu ona".

Esan bezala, PSE-EEko Etxezarreta izan da mahai horren eraketaren inguruan besteak baino uzkurrago agertu dena. "Ibarretxek planteatu bezala" alderdien mahaia eratzea ez duela bideragarri ikusten esan du Etxezarretak, hain zuzen ere, uste duelako prozesu horiek "isilean" eraman behar direla aurrena, ondoren iragartzeko. Era berean, EAE Euskal Autonomi Erkidegoko lehendakari dela oroitarazi dio Ibarretxeri, eta ez Euskal Herrikoa. Hau da, Etxezarretak agertu du Ibarretxek mahai horretarako proposatu dituen zenbait gaik EAEko esparrua gainditzen dutela, eta horren zilegitasuna jarri du zalantzan.

EAJko Olanok, berriz, Ibarretxeren proposamena gaizki ulertu dela erantzun dio Etxezarretari; alegia, lehendakari hautatuarena ez dela proposamen itxi bat, abiaburu bat baizik, eta beste alderdietatik irits daitezkeen proposamenetara zabalik dagoela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.