Alderdien arteko alde biko elkarrizketek emaitza onak eman dituztela agertu du Oskar Matute EBren bozeramaileak Eusko Legebiltzarreko politika orokorreko saioan. Hala ere, urrats berriak egiteko sasoia iritsi dela iritzi dio: denen arteko elkarrizketa abian jartzeko garaia. Horretarako, alderdien mahaiaren prestaketarako batzorde bat osatzeko proposamena berretsi du.
Batzorde horretan alderdi bakoitzeko ordezkari banak parte hartzea, eta, halaber, sindikatuetako ordezkariak eta atzerriko adituak biltzea proposatzen du EBk. "Alde biko elkarrizketak onak izan dira. Tristea da bi alderdik bilera egite hutsa albiste izate; arraroa da demokrazian, gurea bezalako herri batean, hori albiste izatea. Nolanahi ere, bilera horiek balio izan dute urtetan iraun duen egoera desblokeatzeko", azpimarratu du Matutek. "Hala ere, orain beste urrats bat eman behar da, eta uste dugu prestaketa batzordeak balio dezakela helburu horretara iristeko".
Era berean, egoera desblokeatzeko eta aurrera egiteko, indarkeria ekintza guztiek, kale erasoak barne, desagertu behar dutela azpimarratu du EBko bozeramaileak. Era berean, Batasunak legezko izan behar duela eta sumario politikoak bertan behera geratu beharko liratekeela azpimarratu du.
Lehendakariarekin bat egin du Matutek Ahotsak-en proposamenaren garrantzia aitortzean, baina beste foro batzuek, Eginoko Mahaiak kasu, egindako ekarpenak ere aintzat hartu behar direla iritzi dio.
Alderdien mahaia prestatzeko batzorde bat sortzeko proposamena berretsi du EBk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu