Alonso: “Kutxen bat-egitea arabarrok abertzaleen esku geratuko litzatekeen kutxatzar batean urtzea litzateke”

2005eko urriaren 4a
13:23
Entzun
Gipuzkoako Kutxa, Bizkaiako BBK eta Arabako Vital kutxak bat-egiteko proiektuaren aurka agertu da berriro Alfonso Alonso Gasteizko alkatea (PP). Batetik, bat-egitea gauzatuz gero arabarrak “kutxatzar batean urtuta” geratuko liratekeela argudiatu du; bestetik, kutxa bakar horren kudeaketa “abertzaleen” esku geratuko litzatekeela. Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan egin ditu adierazpen horiek.

“Kutxen bat-egitea arabarrok kutxatzar batean urtzea litzateke, eta, gainera, kutxatzar hori abertzaleen esku geratuko litzateke”, azaldu du Alonsok bat-egitearen aurkako jarrera agertzeko.

Era berean, kutxak orain arte tokian tokiko ekimenak bultzatzera bideratuta egon direla argudiatu du Gasteizko alkateak, eta orain beste funtzio bat eman nahi zaiela: “Baina oso garrantzitsua da etxeko finantza erakunde bat izatea”, azpimarratu du.

Ildo beretik, kutxen bat-egitearen oinarrian ez dagoela asmo ekonomiko hutsa iritzi dio Alonsok, baizik eta helburua, batik bat, politikoa dela. “Denok dakigu kutxek kontrol politikoa dutela”, erantsi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.