Alternatibako bozeramaileak, Oskar Matutek, Frantziako eta Espainiako estatuek aurrera eramaten duten espetxe politikak "zigor tresnatzat" definitu ditu. Presoen eskubideak "urratzeaz" gain, beraien senide eta lagunen eskubideak ere "urratzen" dituela gaineratu du. Aralarrek bere aldetik, "irmoki" salatu du Espainiako eta Frantziako estatuek indarrean duten espetxe politika.
Alternatibak eta Aralarrek, larunbat honetan Herrira-k Bilbon Berriro gerta ez dadin, salbuespen neurriak eten. Giza eskubideak. Irtenbidea. Bakea lelopean deituriko manifestaziora joateko deialdia luzatu dute.
Alternatibak salatu du Paris eta Madrilgo gobernuen "nahikeri eza" gaixorik diren presoak askatzeko. Gainera, sakabanaketa eraso sikologiko moduan erabiltzen dutela kritikatu dute, eta gogorarazi dute Amnistia Internazionalak edota NBEk hainbatetan salatu dutela torturaren erabilera.
Aralarrek, ordea, euskal presoen etxeratzea lehenbailehen ahalbidetzeko urratsak egiteko exijitzearekin batera, "gehiegi luzatzen den sufrimendua" amaitu behar dela dio.
Egoera honen aitzinean eta Xabier Lopez Peñaren kasua gogoratuz, Matutek eskatu du "euskal gizartearen hitza errespetatua izan dadila eta gaixo diren presoak berehala aska ditzatela". Aralarrek gaineratu du garaia dela "inmobilismotik atera eta gatazkaren ondorio guztiak konponbidean jartzeko eta ekimena hartzeko, bizitza bat gehiago galdu ez dadin".