Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Baltasar Garzonen aginduz Espainiako Poliziak astearte goizaldean abiatu zuen operazioaren barrua Andoni Cobos ordiziarra atxilotu dute bart goizaldean Altsasun (Nafarroa). Aurretik Ordiziako (Gipuzkoa) beste hiru bizilagun atzeman dituzte: Ibon Urrestarazu eta Alaitz Iturrioz asteartean eta Xabier Balerdi atzo. , Urrestarazu Ordiziara eraman dute bart gauean bere etxebizitza berriz miatzeko. Operazioak zabalik jarraitzen duela agertu du Espainiako Barne Ministerioak.
Andoni Cobos azken atxilotuaren arrebak 'Goierriko Hitza'-ri jakinarazi dioenez, goizaldeko lau eta erdiak aldera atzeman du Espainiako Poliziak anaia, Altsasun. Handik Ordiziara eraman dute, zehazki, arrebaren etxera, eta etxebizitza hori miatzen aritu dira goizeko zazpiak arte.
Nolanahi ere, Espainiako Barne Ministerioaren azalpen ofizialen arabera, atzo arratsaldean atxilotu zuten Cobos, Altsasun.
Cobosekin lau dira astearte goizaldean hasitako sarekadan Ordizian atxilotutako lagunak. Haietatik bi, Ibon Urrestarazu eta Alaitz Iturrioz gaur ziren deklaratzekoak, baina azkenean bihar arteko atzeratu dute haien deklarazio hartzea .Gauza bera egin dute Zestoan (Gipuzkoa) atzemandako Margari Eizagirre 'Berria'-ko langilearekin.
Gaur bost lagun baino ez dituzte eraman Auzitegi Nazionalera: Bizkaian atxilotutako Ruben Nieto eta Jon Duque eta Nafarroan atzemandako Gorka Jaunarena, Izaskun Villanueva eta Sergio Iribarren (azken hori asteazken eguerdian hartu zuten atxilo). Bostek gaureta konfiantzako abokatuekin deklaratuko dutela jakinarazi dute auzitegiko iturriek.
Atzo sei espetxera eta hiru aske
Atzo,berriz, astearte goizaldean atxilo hartutako 16 lagunetatik bederatzik deklaratu zuten, Patxi Cabo ez beste guztiek konfiantzako abokatuarekin. Horietatik sei espetxeratzeko agindu zuen Garzonek (Maider Viso, Patxi Cabo, Lorea Azpilikueta, Igor Astibia, Iban Medina eta Koldo Lekuona). Beste hiruetatik bi —Gustavo Fernandez eta Aitziber Igoa— bermerik gabe aske utzi zituen, eta Amaia Mundiñano, berriz, 1.000 euroko bermearekin.
Astearteko sarekada handi horren ondoren beste hiru lagun atxilotu dituzte: Sergio Iribarren asteazkenean Iruñean, Xabier Balerdi atzo arratsaldean Ordizian eta Andoni Cobos bart gauean Altsasun. Iribarrenek gaur deklaratuko du, eta beste biak noiz eramango dituzten auzitegira argitzeke dago.
Espainiako Barne Ministerioak jakinarazi du operazioak oraindik zabalik jarraitzen duela.
Polizia operazioa
Andoni Cobos ordiziarra atxilotu dute Altsasun
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu