Anton Borja: "Ez dago susperraldirik; beste bost urterako krisia izango dugu"

2013ko abenduaren 28a
16:41
Entzun

Anton Borja EHUko Ekonomia katedradunak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan industria sektoreak izan duen higadura handia azpimarratu du, eta inbertsio publikoa aldarrikatu du irteera errazteko.

Ia sei urte finantza krisia hasi zenetik. 2014. urtea susperraldiaren urtea izango da nazioartean?

Ziurgabetasun handia dago. Ekonomia aurreratuetan, AEBetan eta Erresuma Batuan bereziki, kontsumoa ari da hazkundea gidatzen. Ez dago industria produkzioaren bultzadarik, ez inbertsiorik. Txinan esaten da moteltzen ari dela, baina %11ko hazkudetik %9ko hazkundera pasatu da; oraindik oso indartsua da. Interesgarria da, era berean, gorabidean dauden herrialde batzuetan hasi direla burbuila batzuk puzten, eta hazkundea ere ez dela espero zena.

Europak asko sufritu du krisian. Nola ikusten duzu egoera aurrera begira?

Halako geldialdia sumatzen da. Iparralde eta erdigune aberatsa hobeto, eta hegoaldeko herrialdeak okerrago. Erdian, Frantzia eta Italia. Europa gainbeheran dagoela dirudi. Hori islatzen du, esaterako, nazioarteko merkataritzan euroaren erabilerak izan duen jaitsierak. Garai batean dolarra ordezkatuko zuela esaten zen, baina, gaur-gaurkoz, Txinako yuanak ere aurrea hartu dio merkataritza diru gisa.

Alemaniaren indarra baino ez da geratzen Europan, hortaz.
Frantzia saiatu da politika industriala egiten, baina ahul dago. Zer geratzen da? Alemania. Baina nik esan ohi dut Alemania Europan egon badagoela, baina ez da batasunarentzat motor bat. Azken urteotan, Alemaniak Europara egiten dituen esportazioak jaitsi egin dira. %60 kanpora saltzen du. Hortaz, mundu mailako potentzia da. Europan erabakiak bere komenentziara hartzen ditu, izaera horretan oinarrituta.

Baina Alemania da EBn erabaki politikoak hartzen dituen herrialdea. SPD gobernuan sartu izanak estrategia aldaketa eragingo du?

SPD saiatuko da neurri sozialak sartzen. Gutxieneko soldata nahi dute: 1.300 euro ––hemen 645 euro dira––. Bada pizgarri bat, baina erabilera interesatua du, barne merkatua animatzea duelako helburu. Estrategia globalean, ordea, ez dut ikusten ezberdintasun handirik demokristauek orain arte egindakoarekin. SPDk ez du ezer egingo herrialde ahulak salbatzeko. Egia da euroaren iraupenari buruzko zalaparta gutxiago entzuten dela, baina azpitik berdin jarraitzen du. Azken finean, diruak herrialdeen ekonomia produktiboa islatu behar du, eta euroarekin ez da hori garbi ikusten.

Nazioartean, beste erabaki batzuen zain gaude. Besteak beste, AEBetako Erreserba Federalak diru merkearen iturria noiz itxiko zain.

Dibisa batzuetan ezegonkortasun arriskua dago. Asko hitz egin da dibisa hedapenari buruz, likidezia barra-barra emateaz, baina horrek ez du zuzenean eragiten aberastasun produktiboa handitzea. Merkatuak diruz gainezka daude, baina inbertsioak ez du inon gora egiten. Sakoneko krisi bat dago hor.

Nondik jo beharko luke Europak, zure ustez, behingoz krisia atzean uzteko?

Benetako eztabaida inbertsioen federalizazio bat izan behar du ardatz. Iparraldeko herrialde aberatsek inbertsioak egin behar dituzte hegoaldekoetan. Hori argi dago. Noski, inbertsio horiek produkzioa hobetu behar dute, eta ez dute izan behar, orain arte bezala, espekulazioan oinarrituak. 2014. urtean, inbertsio indartsu batek egon beharko luke, botere publikoek gidatuta, baina ez dago inolako borondaterik halako zerbait egiteko. Esku hartze publikoa industria politika egiteko tabu bihurtu da. Espainiara zer edo zer iritsi da, baina eskasa da.

Espainiako Gobernuaren estrategia komunikatiboa argi dago: krisia amaitu dela eta susperraldia hasi dela esatea behin eta berriro.

Botin bankariak eman zuen mezu hori, eta guztiek jarraitu diote. Ez dago halakorik. Espero dut oker egotea, baina krisi honek beste bost urte iraungo du, gutxienez. Espainiak lau arazo ditu. Lehena, industria produkzioaren jaitsiera. Industria barne produktu gordinaren %12 baino ez da. Krisi hori iraunkorra da, ez da ezer egiten buelta emateko. Bigarrena, zorpetze pribatu handia. Hirugarrena, eta horri lotuta, zorpetzeko publikoaren igoera itzela. Laugarrena, eta azkena, krisi instituzional latza.

Eusko Jaurlaritza ere geroz eta mezu gehiago bidaltzen ari da krisiaren amaiera hori defendatzeko. Ados zaude?

Hemen ere sufritzeko garaia da; datuek hori diote. Egia da Espainia baino hobeto zaudela, baina zeure erreferentzia Lombardia, Baden Wurttemberg edo Midi-Pyrenees eskualdeek izan behar dute. Produkzio krisia dugu hemen ere. Lau urtean, ezarpen industrialen herena galdu dugu Bizkaian, eta pixka bat gutxiago Gipuzkoan eta Araban. Balio erantsiari 3.000 milioi gutxiago gehitzen dizkio industriak. Gainera, esportatzen ditugun produktu asko balio eskasekoak edo ertainekoak dira. Industrian onenak omen ginen garai horiek joan ziren.

Krisia luzatuko da Euskal Herrian ere, hortaz?

Sufritzea dagokigu orain, bai. Itxaropen bat ere eman nahi dut. Posible da egoerari buelta ematea. Herrialde aberatsa gara, Europako biztanleko errentaren %126 dugu. Diru hori ekonomia indartzeko erabili behar da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.