"Uneak zailak diren arren", Aralar alderdia "elkarrizketarako prest" dago, Patxi Zabaleta koordinatzaileak esan duenez. "Une hau oso larria da, oso mingarria, eta seguru astakeri kriminal honetatik probetxu politikoa atera duten bakarrak, eskuin muturrekoak direla". Zabaletaren ustez, ETAk "prozesua hautsi egin du" atentatua eginda. "Etorkizunerako oso aurrekari larria da, su-etenaren eta elkarrizketaren kontzeptuak debaluatzen dituelako".
PPk Espainiako Gobernuari EHAKren kontra egitea eskatu dio
PPk EHAKren kontra egitea eskatu die Espainiako Gobernuari eta Espainiako Fiskaltza Nagusiari, "alderdi horrek ez duelako Barajasko atentatua gaitzestu eta ETA-Batasunaren marka instituzionala delako". PPren ustez "baldintza denak betetzen dira" EHAKren kontra egiteko eta "legez kanporatua beharko luke atentatua ez gaitzesteagatik".
Era berean, Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidenteari Mariano Raxoi PPko presidenteak exijitu dio Zapaterok berak esan dezala prozesua hautsita dagoela, ez dela nahikoa hori Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroak esatea, atzo esan zuen bezala.
Ezker Abertzalea Taldea "aurrera begirako irtenbideak" bilatzearen alde
Ezker Abertzalea Legebiltzar Taldeak "elkartasuna" adierazi die atentatuan afektatutako guztiei, "batez ere desagertuta dauden bi pertsonen familiarrei". Taldearen ustez, "egoera larri honetan, inoiz baino garrantzitsuagoa da aurrera begirako irtenbideak bilatzea, etsipenean erori gabe eta iraganeko errezeta antzuak baztertuz". Hala, "prozesua ezin da apurtutzat eman eta inoiz baino inportanteagoa da elkarrizketaren bidez gatazka politikoa gaindituko duen oinarrietara joatea".
Carod-Rovira: "ETAk ez du eskubiderik itxaropena bukatzeko"
Josep Lluis Carod-Rovira Kataluniako Generatilateko presidenteordeak (ERC) uste du ETAk "eskubiderik ez" duela "itxaropena bukatzeko", eta atentatuaren ondoren alderdiek Espainiako Gobernuari babesa adierazi behar diotela esan du, denak ETAren aurrean bat eginda daudela erakusteko. "Atentatuak ez dio onik egiten bake prozesua normaltasunez joateari", esan du Carod-Rovirak.
Azkarraga: "Prozesua ez dago deuseztatua ETArengatik bakarrik"
Joseba Azkarraga Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburuak (EA) esan du atentatuaren ondoren sortu den egoeraren erantzule bakarra ez dela ETA. "Prozesua ez dago deuseztatua ETArengatik bakarrik, ETA ez da erantzule bakarra, Espainiako Gobernuak izango duelako erantzukizunen bat, PPk aurreko su-etenean baino gutxiago egin duela esaten ibili delako".
Aralar: "Su-etena haustea etorkizunerako oso aurrekari larria da"
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu