Erreakzioak

Aralar-Zutik koalizioak atentatua gaitzetsi du eta ETAri armak utz ditzan eskatu dio

2004ko martxoaren 11
15:37
Entzun
Aralar-Zutik koalizioak "erabat gaitzetsi" du gaur Madrilen gertatu den atentatua. "Bigarren Mundu Gerratik Europan zibilen kontra gertatu den erasorik bidegabe eta odoltsuena", dio koalizio horretako zerrendaburuek irakurri duten agiriak. Gaurko atentatu biktimak "gure biktimak ere badira" zehaztu dute, eta ETAri armak uzteko galdegin diote. Halaber, hauteskunde kanpaina amaitutzat jotzen dutela nabarmendu du.

Aralar-Zutik koalizioko Gipuzkoako zerrendaburu Xabier Sarasuak eta Pilar Etxanizek irakurri du agiria gaur Donostian. Inaki Irazabalbeitia eta Joxe Iriarte 'Bikila' ere bertan izan dira.

Pilar Etxanizek esan du "triste, ukituta eta jota" daudela, atentatuan hildakoengatik "min sakona" sentitzen dutela eta zaurituei eta biktimen senideei elkartasuna adierazi nahi dietela. "Argi esan nahi dugu, konbentzimendu guztiarekin eta bihotzez, hildako pertsona horiek gure biktimak ere badirela", azpimarratu du.

"Burua hotz mantendu behar dugu eta gertatu denari buruz hausnarketa egin. Atentatu hori ETAk egin baldin badu, guk esan nahi diegu Euskal Herriari egin diezaioketen gauzarik onena dela armak uzteko", nabarmendu du.

"Atentatu hau egin dutenek ez dute zerikusirik gurekin ezta gure herriarekin ere, Euskal Herriaren etsaiak dira, gizartearenak eta gizateriarenak", zehaztu dute.

Halaber, hauteskunde kanpainaren baita antolatuta zituzte ekitaldi guztiak bertan behera utzi dituztela adierazi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.