Arejita, euskara eta euskal literatura beti ardatz

2004ko ekainaren 25a
09:59
Entzun
Hizkuntzaren eta literaturaren arloan lan asko egina da Adolfo Arejita, eta kazetari lanetan ere eman du ezagutzera bere burua. Euskara eta euskal literatura izan ditu beti Adolfo Arejitak bere lanaren ardatz nagusiak. Labayru Ikastegiaren aurpegi ezagunenetako bat da.

Bilbon sortu zen, baina Bizkaiko Morga herrian eman zuen haurtzaroa. Filologian eta Letretan lizentziatu zen, 1979an, Filologia Erromanikoaren sailean. Euskal Filologiako adarrean doktoratu zen, unibertsitate berean, 1995ean.Deustuko Unibertsitateko irakasle da gaur egun. Euskararen Morfosintaxia, Euskararen Gramatika Historikoa, Euskal Literatura Klasikoa, Lexikologia eta Semantika irakatsi ditu. Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle ere izan zen. Euskal Hizkuntzaren Teoria eta Egitura eta Gaur Egungo Literatura Unibertsala irakatsi zituen han, 1992tik 1994ra bitarte.Kazetari lanak ere egin izan ditu: Bilboko Herri Irratian, TVEren Bilboko zentroan eta Bizkaia Irratian. Prentsa idatzian ere maiz eman izan ditu argitara idazlanak, Berria eta Euskaldunon Egunkaria-n, esaterako. Berriako Administrazio Kontseiluko kide da egun. Idatz & Mintz aldizkarian ere maiz idatzi du. Litterae Vasconiae / Euskararen Iker Atalak aldizkaria zuzendu du sorreratik, 1981az geroztik, gaur arte. Labayru Ikastegiaren Euskal Hizkuntza arloaren zuzendaria da sortu zenetik, 1977az geroztik, eta euskaltzain urgazlea 1983ko apirilaz geroztik. Ikerkuntza arloa Euskaltzaindiaren, Labayru Ikastegiaren, Deustuko Unibertsitatearen eta Eusko Ikaskuntzaren inguruan jorratu du batik bat.Pedro A. Añibarro, Juan Mateo Zabala, Juan Antonio Mogel, Lizardi, Alfontso Irigoien eta beste hainbat euskal idazleren lanak aztertu ditu, eta iazko abenduan Jose Basterretxea Oskillaso-ren Euskaldunak Madrilen nobelaren edizio kritikoa eman zuen argitara, Labayru Ikastegiaren eskutik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.