Rodolfo Ares Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak gaur jakinarazi duenez, azkeneko hiru urteetan salaketak jaso dituzten 633 Ertzainetatik hiru bakarrik zigortu dituzte. Aresen arabera horrek erakutsi egiten du "salaketa kanpaina asko" gezurrezkoak direla.
Aresek berretsi du Ertzaintzak "lan profesionala eta proportzionala" egin duela eta gaineratu du hainbat salaketa "faltsu" jarri ohi direla "Ertzaintzari ospea kentzeko". Sailburuak Legebiltzarrean egin ditu adierazpenak, Dani Maeztu Aralarreko parlamentariak Kukutzako istiluen harira egindako galdera bati erantzunez.
Sailburuak zehaztu duenez, 2009 eta 2011 urteen artean 633 Ertzainen aurka aurkeztu zituzten salaketak, baina hiru bakarrik kondenatu zituzten. Hiru kasuotan, gainera, falta bat egotzi zieten, ez delitu bat. Azken hiru urteotan, herritarrek ertzainen aurka aurkeztutako 289 salaketa artxibatu dituzte, betiere Aresek emandako datuen arabera.