"Ezker abertzalearen lehen helburua gatazkaren konponbidea da". Hala adierazi du Batasunako bozeramaile Arnaldo Otegik Radio Euskadin eginiko adierazpenetan. Otegik abenduaren 30ean Sozialista Abertzaleak taldeak hartutako erabakiaren zergatia azaldu du. "Azken 25 urtetako analisia egin eta gero, argi dago Euskal Herriak bizi duen gatazka konpontzeko urratsak eman behar direla. Estatutu Politiko berrirako proposamenaren hitzaurreak gatazkaren konponbiderako baliagarriak diren hainbat faktore jasotzen ditu, eta guk horri baietz esan genion. Gatazkaren konponbidea ekarriko ez duen Estatutu baten erreformari, berriz, ezetz esan genion. Ibarretxek hori primeran daki, badaki ezker abertzaleak zer bozkatu zuen".
Gatazkaren konponbidea lortzeko elkarrizketaren ordua heldu dela uste du Arnaldo Otegik. "Elkarrizketa politikoaren ordua da. Jokoaren arauak zehaztu behar dira lehenik, eta gero alderdi bakoitzaren planak eta egitasmoak aztertu. Euskal Herria zazpi lurraldez osatutako nazio bat da. Bertan bizi eta lan egiten duten lagun guztiek galdetuak izateko eskubidea dute. Hau da eztabaidaren ardatza, eta horri ekin behar zaio".
Abenduaren 30ean erakutsitako jarrera azaroaren 14ean Batasunak Anoetako Belodromoak egindako ekitaldiaren ondorio dela azpimarratu du Otegik. "Belodromoan azaldu genuen bezala, askoz errazagoa da konfrontazio dinamika bat eramatea bake dinamika bat eramatea baino. Hori horrela izanik, EAJ edo PSOEren jarrera errazagoa da. Ezker abertzaleak gauza bera egin zezakeen, baina konponbidea lortu nahi badugu ezin dugu konfrontazio dinamika batean sartu".
Herritar askok Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban maiatzean izango diren hauteskundeetan jarri dute arreta. "Maiatzean ez da Gasteizko Legebiltzarra nork zuzenduko duen erabakiko, gatazkari amaiera emateko oinarriak jartzea baizik. EAJk eta Espainiako Gobernuak jakin badakite gatazka amaitzeko ordua heldu dela. Norbaitek hauteskundeen jokoan sartu nahi badu, primeran, baina horrera ez da gatazka konponduko". Ezker abertzalea hauteskundeetan izango da. "Ez dakit legez edo legez kanpo, baina bertan izango gara, ziur". Sozialista Abertzaleak taldearen erabakiak PSOE ustekabean hartu zuela uste du. "PSOEk bere estrategia zuen: Ibarretxeren planari ezetz esan eta gero, Lopezen planaren bidez EAJ jarrera autonomista batera bidali nahi zuen".
Herri galdeketa indarkeriarik gabeko egoera batean egingo dela adierazi du Ibarretxek. "Indarkeriaren eztabaida oso adierazgarria da. Iragan igandean Espainiako egunkari nagusien editorialak irakurri nituen, eta askok Espainiako Armadaren interbentzioa eskatzen zuten, inolako lotxarik gabe. Inor ez da larritu, eta inork ez du zalantzan jartzen lagun horiekin hitz egin behar denik. Ibarretxek jakin badaki gaur egun dagoen arriskurik handiena Espainiako egunkari nagusien zuzendariek etengabe egiten ari diren eskaera dela: herri galdeketaren aurrean, Espainiako Armadako tankeak".
Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak 10 eta 112 urte arteko espetxe zigorrak eskatu zituen atzo Haika eta Segiko 42 kiderentzat. Epaiketa hori ez dela soilik Haika eta Segiren aurkakoa uste du Otegik. "Epaiketak ez dira soilik ezker abertzalearen aurkakoak. Epaiketa horiek gatazka jarraitzea bilatzen dute, eta, beraz, herri honen aurkakoak dira. Espainiako demokrazia bitxia da oso: armadaren interbentzioa eskatzen duenari txalotu egiten diote, eta kutxazain bat erretzeagatik 200 urteko espetxe zigorra eskatzen dizute".
Arnaldo Otegi: "Gatazkaren konponbiderako izan ziren hiru botoak, ez gatazka luzatuko duen Estatutu baten erreformarako"
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu