2009ko urriaren 13an Bateraguneko operazioan atxilotu zuten Arnaldo Otegi, eta harrezkero preso dago Logroñoko espetxean. Normalez, hurrengo urteko apirilean aterako da kartzelatik, Auzitegi Gorenak sei urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri ziolako. Gainera, epe berdineko ezgaitasuna ezarri zion.
El Mundo egunkariak argitaratutako informazioak, ordea, soka ekarri du; behin libre, Otegik Eusko Jaurlaritzako lehendakari izateko hautagaitza aurkez dezake, bere aurkako ezgaitasun ebazpenak ez duelako zehazten zein kargutarako dagoen ezgaitua.
Rafael Catala Espainiako Justizia ministroari galdetu diote aukera horren inguruan. Aitortu du Otegiren eta beste batzuen kasuan, zigorra ezarri zuen epaitegiak ez zuela behar bezainbeste zehaztu ezgaitzeak zertan zetzan, eta jakinarazi du Auzitegi Gorenari argibideak eskatuko dizkiola.