Artur Mas (Bartzelona, 1956) CiU koalizioko kideak gaur egin dio zin karguari, eta orduan bihurtu da Kataluniako Generalitateko lehendakari. 2003ra artean Generalitateak Jordi Pujol (CiU) izan zuen buru 23 urtean, baina alderdian orduan Masek gidaritza hartu zuenean burua aldatu zuen Kataluniako Gobernuak, eta CiUk urte batzuk oposizioan egiteko garaia heldu zen. Aurten arte. Mas da orain Kataluniako buruzagi nagusia; Generalitateko 129. lehendakaria.
Inbestidura saioa lehengo ostegunean izan zen. CiUk bigarren bozketan atera zuen aurrera gaia, aldeko bere 62 botoei eta PSCren 28 abstentzioei esker. Kontrako 45 izan ziren: PP, ICV, ERC, Solidaritat eta Ciutadansenak.
2003an lehen saioa
2003an sozialistek, ERCk eta ICVk sortutako hiruko historikoak aurre hartu zion CiUri, nahiz eta botoetan garaipena Masena izan zen. Pasqual Maragall (PSC) jarri zen lehendakari. Bigarren legealdian gauza bera gertatu ondoren (hiruko berarekin, Jose Montilla PSCkoa lehendakari), Masekin inor gogoratuko ez zen politikaria izango zela ondorioztatu zuten askok, baina oker zeuden.
Langilea eta tematia dela ezin uka, arrazional, hotz, zorrotz eta aurreztaile, harrokeriaz apalduz joan den CiUren zazpi urteko oposizioaren gidari, alderdiak batera eta bestera egiteko joerarako etengabe prestatzen, Pujoli horrenbeste denboran gobernatzeko Madrilen eta etxean balio izan zion anbibalentziaz ikasten. Aurtengo kanpainan independentziaz hitz egitea saihestu du, baina galdeketa hipotetikoan baiezkoaren aldean legokeela aitortu izan du.
Orain "zintzotasunez" jokatuko duela aurreratu du, "denei laguntza eskatuz" esperientzia baliatuko duela Katalunia altxatzeko. Hamazazpi urte ez ditu alferrik igaro-eta oposizioan -Bartzelonako Udalean eta Legebiltzarrean-.
Masek beti esaten du mahaiaren bi aldeetan egon dela, sektore pribatuan eta publikoan, baina lehen atalak ez du lekurik bere biografia ofizialean; ez da Tipel taldeko jarduna agertzen. Masi ezagun zaio Luis Prenafeta Pujolen aholkulariak gidatzen zuen enpresatik zorigaiztoko igaroa, baina enpresaren finantzetako zuzendari izan zen Mas, eta konpainiaren hedapena zuzendu zuen kargu horretatik. Prenafeta Pretoria kasuan inputaturik dago, aske, milioi bat euroko fidantza ordainduta.
Enpresaren hedapena 1988tik 1992ra egin zuten, baina 1994an ordainketak eten zituen, ia 8.500 milioiko zorrarekin. 700 langile zituen une hartan, eta 11.000 milioiko fakturazioa. Garai hartan hasitakoa da Bartzelonako Udalean lanean. Generalitatean zeuzkan lanak uztera zihoan Tipelen buru-belarri aritzeko, baina Josep Maria Cullellek Bartzelonan leku bat eskaini zion Masi 1987an, udal hauteskundeetan parte hartzeko: "Ezetz esan izan banu ez nuen politikan jarraituko". Zortzi urte egin zituen Bartzelonako Udalean, eta urte batzuetan enpresa lanarekin tartekatu zuen.
Inkestek CiUk alkatetza eskura zezakeela esan zutenean, Miquel Rocarekin joan zen, bigarren. Bozen ondoren, Joan Clos sozialistak irabazita, zinegotzi karguan dimisioa eman zuen Obra Publikoen kontseilari izateko, eta 1997tik Ekonomia sailean aritzeko. Beste erronka bat bidean zuen. 1999an Masek alkatetzarako hautagai izan nahi zuen; Joaquim Molinsek ere bai, baina Pujolek bilera egiteko deitu zion Masi, bilerarik erabakigarrienetakoa bere bizitzan. Udal ibilbideaz ahazteko esan zion: beste plan batzuk zeuzkan.
Ardurak Generalitatean
Handik Parlamentera, eta zuzenean Lan Publikoen Kontseilaritzara; bi urtean, Ekonomiakora. Garai hura zen Jose Maria Aznarren gobernuan CiUren pisua izugarria zenekoa, eta Pujolek bere ondoko egin zuen. Josep Antoni Duran i Lleidaren aurretik babestu zuen CiUren buruzagitzan.
Hirukoak ez zion eragotzi Estatutuaren behin betiko testua definitzeko Madrilekin akordioa berak egitea, eta ondoren Espainiako Auzitegi Konstituzionalak erabakitako murrizketarekin erreforma amaitutzat jo zuen. Orain kontzertu ekonomikoa nahi du Kataluniarentzat.
Enpresa eta Ekonomia ikasketetan lizentziatua da, eta ikasle garaian ez zuela politikarako interes berezirik esaten dute ikaskideek. Bartzelonako familia burges batean jaiotakoa Helena Rakosnikekin dago ezkondua eta hiru seme-alaba dauzka. Ematen duen itxuraren kontra eta haren alde, adeitsua dela esaten dute, hitz-leunekoa eta lotsatia.
Artur Mas, 129.a
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu