(2004-04-29)

Aske gelditu ahal izateko, 600.000 euroko bermea eskatu diote Uriari

Diru kopuru bereziki handia ezartzeaz gain, abalen bidez ordaintzeko aukera ukatu dio Auzitegi Nazionaleko Zigor Arloko 1. Salak, eta polizia etxean egunero aurkezteko agindu

2004ko maiatzaren 20a
13:20
Entzun
Imanol Murua Uria-Donostia

Aurrekaririk gabeko bermea ezarri dio Iñaki Uria Egunkariako kontseilari ordezkariari Espainiako Auzitegi Nazionalak: behin-behineko askatasunean irten ahal izateko 600.000 euro ordaindu beharko duela ebatzi du Zigor Arloko 1. Salak, eta abalen bitartez ordaintzeko aukera ukatu egin dio. Uriaren defentsak aurkeztutako apelazio helegiteari erantzunez hartu du erabakia Salako epaimahaiak, eta Juan del Olmo epaile instruktoreak erabakitako baldintzarik gabeko espetxe agindua atzera bota du horrela. Diru bermeaz gain, egunero polizi etxera aurkeztu beharra ere ezarri dio epaimahaiak Uria.

Siro Garcia epaimahaiburuak, Antonio Diaz Delgado ponenteak eta Manuela Fernandez magistratuak auto laburrean azaltzen dutenez, denboraren poderioz ikerketa oztopatzeko arriskua desagertu dela uste dutelako ezarri diote bermepeko askatasuna, baina ihes egiteko arriskua desagertu ez omen delako jarri dizkiote badaezpadako neurri gogorrak. Jose Maria Elosua defentsa abokatuaren iritziz «astakeria» da horren berme gogorra jarri izana, eta erregu helegitea aurkezteko asmoa du. Atzo bertan Auzitegi Nazionalean izan zen Elosua, epaimahaiko ponentearekin bermea jaisteari edo abalen bidez ordaintzeko aukerari buruz mintzatzeko, baina hartu ere ez zuen egin. Enekoitz Etxeberria abokatua gaur goizean izango da Iñaki Uriarekin, Aranjuezko kartzelan, erabakiaren berri eman eta hemendik aurrera egin beharreko urratsak aztertzeko. Erregu helegitea aurkeztuz gero ez dago Salaren erabakiaren zain gelditu beharrik. Hala erabakiz gero, eta dirua biltzeko aukerarik izanez gero, bermea ordain liteke.

Arrazoitu gabeko bereizkeria

Elosua abokatuaren iritziz, epaimahaiak ez du kontuan hartu «Iñaki Uria nor den, ezta bermea gauzatu ahal izateko zer ahalbide dituen». 600.000 euro eskatuta, «ordain ezinezko bermea jarri dio, gizartearen babesarekin ez bada». Egunkaria auzian orain arte hartu dituzten erabakiak aintzat hartuta, Uriarekin beste neurri bat erabiltzen ari direla ohartarazi du abokatuak: «Bereizkeriaz ari dira tratatzen Iñaki, justifikaziorik gabe eta, besteak beste, autoan arrazoitu ere egin gabe».

Bermea jaisteko eskatuko du horregatik helegitean, baina dirutan beharrean abalen bidez ordaintzeko aukera ere eskatuko du, «arrazoirik ez baitago legeak jasotzen duen aukera hori ukatzeko», eta polizi etxean egunero aurkeztu beharra ere gehiegizkoa dela argudiatuko du. Egunkaria auziko inputatuen artean, Xabier Oleagari baino ez zioten agindu egunero polizi etxean aurkeztea, baina helegiteari erantzunez, agindua indarrik gabe utzi zuen hurrengo hilean Del Olmok, beste inputatuekiko «bereizkeria iraingarria» zela aitortuta.

 
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.