Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak esan du "orain arteko parte hartzaileena, herrikoiena, euskaldunena, irekiena eta askotarikoena" dela aurtengo Aste Nagusia. Antolakuntzan parte hartzen duten eragileekin egiten duen ohiko topaketan esan ditu hitzok. Udalbatzako talde politiko guztien ordezkariak izan dira ekitaldian, baita Donostiako Piraten ordezkaritza zabal bat ere.
Alkateak eskertu egin du udal langileen lana. Batez ere, Piratei eta halako gizarte mugimenduei eskertu die jai egitaraua aurrera ateratzeko egiten duten lana, udalaren eskaintza osatuz. Herritarrei dei egin die "festaz gozatzera, nahiz eta eguraldiak ez lagundu". Izan ere, bart gauekoa ere izan du hizpide; bertan behera geratu zen Esne Beltzaren kontzertua, Flamenkan, eta Urtzena, Saguesen. "Biren antolakuntzak izandako jarrera bikaina" azpimarratu du, eta poza adierazi du "erantzun eredugarria" eman zaiolako egoerari.
Izagirreren iritziz, atzokoari emandako erantzuna "antolakuntzaren funtzionamendu onaren adierazgarri da, udalaren zein gizarte mugimenduen aldetik".