Astelehenean izango da Egunkaria-ren aurkako epaiketako hurrengo saioa, Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta orduan hasiko dira auziko parteak euren ondorioen berri ematen: Dignidad y Justicia eta AVT herri akusazioak, Miguel Angel Carballo fiskala eta defentsa. Herri akusazioetako abokatuak izango dira txostenak irakurtzen aurrenak. Asteartean ere izango da saioa, eta Javier Gomez Bermudez epaimahaiburuak iragarri du asteazkenean bukatuko dela epaiketa. Auzipetuek izango dute azken hitza. Epaiaren zain geratuko dira orduan.
Abenduaren 15etik auzipetuen, bi aldeetako lekukoen eta perituen deklarazioak entzun ondoren, Carballo fiskalak Auzitegi Nazionaleko epaimahaiari asteazkenean jakinarazi zion lehengoari eusten diola; hau da, ez du Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi eta Xabier Oleaga auzipetuen aurkako zigorrik eskatu. Auzibidean kasua artxibatzeko eskaera egin zuen fiskalak, deliturik ikusten ez zuela argudiatuta -Espainiako auzitegiak ez zuen eskaera aintzat hartu-.
Defentsak ere orain ez du zigorrik eskatu. Aldiz, Dignidad y Justiciak eta AVTk bai; lehengo eskaerei eutsi diete -12 eta 14 urte arteko kartzela zigor eskaerak-.
2003ko otsailaren 20an itxi zuen Guardia Zibilak Egunkaria, Juan del Olmo Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz, ETArekin lotura izan zuelakoan. Torrealdai, Uria, Auzmendi, Otamendi eta Oleagaz gain, Pello Zubiria, Xabier Alegria, Fermin Lazkano, Luis Goia (2006an hil zen) eta Inma Gomila atxilotu zituzten.
Astelehenean hasiko dira auziko parteak ondorioen berri ematen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu