Erreakzioak

Atentatuak gaitzetsi dituzte alderdi eta instituzio askok

2003ko uztailaren 22a
16:54
Entzun
Josu Jon Imaz, Eusko Jaurlaritzako bozeramailea

“EZKER ABERTZALEAK ERE EZ DU ULERTZEN ETA-K EGITEN DUENA”

Eusko Jaurlaritzaren astearteroko ohiko bileraren ostean Alacanteko atentatu biak gaitzetsi ditu Josu Jon Imaz bozeramaileak, Gobernuaren izenean. Imazen arabera, “erasoek ez daukate inolako justifikaziorik”, eta horrelako ekintzen bidez “bere amaiera idazten ari da ETA”. “Gizarte honetan ez dago sektore politiko bat bera ere, ezta ezker abertzalea ere, ETAk egiten eta esaten duena ulertzen duenik”, adierazi du. Ildo horretatik, “desagertzeko” eskatu dio erakunde armatuari, eta indarraren bidez ez duela ezer lortuko ohartarazi dio. Azkenik, Euskal Herriko gatazka konpontzeko elkarrizketa behar dela agertu du Jaurlaritzako bozeramaileak, baina indar politikoek soilik parte hartu behar dutela eztabaida horretan.

Jose Maria Aznar, Espainiako Gobernuko presidentea

“ETA-K EZ DU ESPAINIARROK BELDURTZEA LORTUKO"

Jose Maria Aznar Espainiako presidentearen ustez, Benidormeko eta Alacanteko atentatuak ETAren “urteroko kanpainaren” baitakoak dira. “Argi dago, espainiarron udako atsedenaldian beldurraren urteko kuota sartu nahi duela ETAk. Urtero saiatzen da horretan, baina badakit ez duela lortuko”, adierazi du leherketen berri izan ostean. Ildo horretatik, atentatuei “tinko eta lasai” erantzuteko eskatu die espainiarrei: “Lasaitasuna eskatzen dut terroristek konfiantza giroa urratzea lor ez dezaten, eta tinkotasuna legea haien gainera indar guztiz eror dadin”. Aznarren arabera, gaurko atentatuen egileak laster izango dira espetxean: “Terrorista guztiek espetxean amaitzen dute; geroz eta lehenago. Halaber, gero eta zigor gogorragoak jasotzen dituzte, eta, gainera, osorik beteko dituzte”, nabarmendu du.

Begoña Errazti, EAko lehendakaria

“ELKARRIZKETA DA GATAZKA KONPONTZEKO BIDE BAKARRA”

EAko lehendakari Begoña Erraztik gogor gaitzetsi ditu gaur ETAren atentuak, eta elkartasun eta babes guztia agertu die leherketetan zaurituei eta haien senideei. Era berean, Benidorm eta Alacant hainbeste jende biltzen dituzten leku turistikoak direla eta lehergailuak hoteletan jarri dituztela aintzat hartuta, ondorioak askoz ere larriagoak izan zitezkeela azpimarratu du. Indarkeria baztertzeko eskatu dio Erraztik ETAri, eta gatazka gainditzeko bide bakarra elkarrizketa dela aldarrikatu du. “Elkarrizketa eta bide politiko eta demokratikoak dira gatazka konpontzeko tresna bakarrak”, adierazi du.

Aralar

“ABERTZALEEN ALDARRIKAPENAK LORTZEKO KALTEGARRIAK DIRA ATENTATUAK”

Atentatuak gaitzesteaz gain, indarkeriaren erabilera “kaltegarria” dela adierazi du Aralar alderdiek prentsa ohar baten bidez. “Kaltegarria”, hain justu, abertzaleen helburuak lortzeko: “Indarkeria erabilita, ezin da aurreraurrats politikorik egin; aitzitik, abertzaleen aldarrikapen zilegiak lortzeko kaltegarria da”, esaten du Aralarrek zabaldu duen idatziak. Halaber, elkartasuna adierazi die eztanden ondorioak jasan dituzten pertsona guztiei, “kalte fisikoak zein ekonomikoak paraitu dituztenei”, eta txarren-txarrean pozik agertu da inor ez delako hil. Azkenik, “indarkeriaren arazoari” irtenbide politiko bat ematea gero eta premiazkoagoa dela azpimarratu du Aralarrek.

Gaspar Llamazares, IUko koordinatzaile nagusia

“ETA-REN BAKARDADEAREN ERAKUSGARRI DIRA"

Gaspar Llamazares IUko koordinatzaile nagusiaren ustez, gaurko atentatuak ez dira ETAren indarraren froga; aitzitik, erakunde horren bakardadearen erakusgarri dira. “Oraingoan ere, ETAk dakiden bakarra egin du: izua sortu, eta indarkeriaren bidez bere helburuak lortzen saiatu. Kasu honetan, herritarrak atseden hartzen ari diren, eta atzerritik bisitan etortzen den jende asko biltzen den tokietan saiatu da izua sortzen”, adierazi du. Funtsean, atentatuon bidez bi helburu lortu nahi izan ditu ETAk Llamazaresen iritziz: “Batetik, herritarrak ikaratu nahi izan ditu, eta, bestetik, izu giroa gure mugetatik kanpo eraman nahi izan du, hartara, atzerritarrek oporrak Espainian igaro ditzaten eragozteko”. Herritarrek eta alderdiek ETAri erantzun bateratua eman behar diotelaaldarrikatu du IUko buruzagiak.

PSOE

"ESPAINIAKO GOBERNUAREN ESANETARA GAUDE EDOZERTAN LAGUNTZEKO"

PSOEk gogor gaitzetsi ditu Alacant hiriburuko eta Benidormeko atentatuak, eta horrez gain, Espainiako Gobernuaren "esanetara" jarri da "edozertan laguntzeko".Manuel Marin PSOEko Nazioarteko Harremanetarako idazkariak indarkeria erabiliz ez duela ezer lortuko ohartarazio dio ETAri. "Berriro ere, Espainiako ekonomiako sektore garrantzitsuenetako bat kikildu nahi du izuaren bidez", azpimarratu du Marinek. Jose Luis Rodriguez Zapatero PSOEko idazkari nagusia gaur arratsaldean Alacantera eta Benidormera joatekoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.