Grande-Marlaskak bertan behera utzi du Otegik gaur arratsaldean egin behar zuen deklarazioa Batasuneko kidearen gaixotasuna dela eta. Auto baten bidez, Otegiren etxea zaintzeko agindu dio Ertzaintzari; Grande-Marlaskaren autoak dioenez, Otegik ihes egiteko arriskua dago bere garaian Josu Urrutikoetxea eta Jon Salaberriarekin gertatu zen bezalaxe. Bestalde, Grande-Marlaskaren aginduz auzi-mediku batek azterketa egin beharko dio hamabi orduro Otegiri, osatzen den arte. Autoan, Grande-Marlaska epaileak ez du deklaraziorako beste datarik zehaztu.
Arratsaldeko 17:30etan zuenOtegik hitzordua Madrilen, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Fernando Grande Marlaska epailearen aurrean deklaratu behar zuen, inputatu gisa, osteguneko greba eta mobilizazio egunean gertatu ziren "delitu ekintzen" eragile izatea egozten baitio epaileak. Ezker abertzaleko beste bost buruzagi ere deitu ditu deklaratzera arrazoi beragatik.
Jone Goirizelaia Otegiren defentsako abokatuak arratsaldeko lehen orduan aurreratu duenez, ordea, Otegi bronkitisarekin gaixo dagoela-eta atzeratu egin du Auzitegi Nazionalak agerraldia. Goizean eskatu dio defentsako abokatuak Grande Marlaska epaileari auzi saioa atzeratzeko, eta mediku baten agiria igorri dio Otegik bronkitisa duela eta atsedena behar duela egiaztatzen duena.
Grande Marlaskak ez du agiri horrekin nahikoa izan, eta EAEko auzi-mediku bat bidali du Otegiren etxera, gaixorik dagoela baiezta dezan. Batasuneko buruzagia ez dagoela gaur Madrilera deklaratzera joateko moduan ebatzi du auzi-medikuak, eta, ondorioz, atzeratu egin dute haren aurkako saioa.
Egun baldintzapeko askatasunean dago Otegi, 400.000 euroko bermea ordainduta. Baldintzatutako askatasunaren arauak urratu dituela iritzi dio epaileak, eta egoera hori berrikustea proposatu du; hots, Otegi kartzelara bidaltzea aztertzea. Candido Conde-Pumpido Espainiako fiskal nagusiak dagoeneko aurreratu du Fiskaltzak baldintza gabe kartzelan sartzeko eskatuko duela. Beraz, litekeena da Otegi espetxeratzea.
Asteazkenean beste auzi-saio bat dauka Otegik, Jose Migel Beñaran Argala-ren omenaldian egin zituen adierazpenen harira.
Politika
Atzeratu egin dute Otegiren aurkako auzi saioa
Arnaldo Otegik ez du gaur deklaratuko Espainiako Auzitegi Nazionalean. Epaitegi horren aginduz auzi-mediku batek aztertu du Arnaldo Otegi Batasuneko buruzagia, eta erabaki du bronkitis bat medio ez dagoela gaur Madrilera joan eta Grande Marlaska epailearen aurrean deklaratzeko moduan. Ondorioz, defentsaren eskaera aintzat hartuz atzeratu egin dute Otegiren aurkako auzi saioa. Ertzaintzari Otegiren etxea zaintzeko agindua eman dio Grande-Marlaska epaileak; Otegik ihes egiteko arriskua dagoela uste duelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu