Gurasoen ardura
Kontseilu Nagusiaren eta gurasoen arteko kontratua: Eskolara ez joateagatik edo gurasoen larderia eskasagatik, Kontseilu Nagusiko lehendakariak gurasoei proposa diezaieke Gurasoen Ardura Kontratuaren izenpetzea. Laguntza sozialetara lotuko dituten kontratua. Gurasoek beren eginbeharrak ez badituzte betetzen, lehendakariak diru laguntzen kentzea eska dezake, baita prokuradorearengana joan ere legea hautsiz gero. Familien laguntzak zaintzapean jartzea ere eska dezake.
Jendetasunik eza jo mugan
Auzapezen boterea areagotua: Auzapeza eta auzitegien artean harreman zuzena indartzea da puntu honen helburua. Bere hirian arazo bat gertatzen delarik, izan dadin hiriaren aurka edo ez, auzapezak auzitegira jo dezake.
Polizien boterea areagotua: Isunen araudia gogortu nahi dute. Alimale lanjerosak zoratzea, zikinkeriak botatzea, hondo-zaratak sortzea orain baino errazkiago eta gogorrago zigortzen ahalko dute, adibidez.
Enplegua
Hirigune Bazterretako gazteak enplegatzera bultzatu nahian: Hilabetero diru sari berezi bat eskura dezake enplegatzaileak jatorri horretako gazte bat enpresan onartzeagatik. Kalifikaziorik ez badu, diru laguntza emendatuko diote.
Hirigune bazterretakoetan jartzeagatik, zergak txikituak: Agorrilaren 1ean hamabost hirigune berezi gehiago sortuko dituzte, 1996az geroztik jadanik sortu 85 hiriguneez gain. Bertan jarriz, 250 langile baino gutxiago dituzten lantegiei karga fiskalak txikituko dizkiete. Horrez gain, enpresa handiek bertan dirua inbertitzen badute, diru kopuru horren %50 beren zergetatik kentzea proposatzen dute. Legearen helburua da lekuko ekonomia sustatzea kohesio soziala laguntzeko. Aktibitate komertzial eta kulturalen sorrera akuilatu beharra dagoela ere azpimarratzen du testuak.
GAZTEEI ZUZENDUTAKO LEHEN LAN KONTRATUA: Nahiz eta jatorrian ez lotua izan, azkenean lege horren barnean sartzea erabaki dute hainbat ezadostasun pizten dituen kontratu berri hori. 26 urte baino gutxiago izan behar ditu langileak kontratua izenpetu ahal izateko. Ez bada mugatua ere, lehen bi urteak entsegu urteak dira. Enplegatzaileak noiz nahiz hautsi dezake. Ordainez, eskuratu sariaren %8 damu domaietan ukanen ditu.
14 urtetik goiti lanean hasteko aukera: 14 urtetik goiti aprendizgoaren bidea hartzen ahalko da hemendik aitzina. Eskoletan zailtasunak dituztenei beste bide bat proposatzea da honen helburua.
Diskriminazioa borrokatu nahian
Kohesio soziala eta Aukera Berdintasunerako Agentzia: Bazterretako hiriguneetan Frantziako Estatuaren presentzia indartzeko helburuarekin dute sortu nahi agentzia hori. Auzapezen solaskide zuzenaren funtzioa beteko du. Bere eginbeharretako bat lekuko herritarren bizi moduari laguntzeko ekimenak abiatzea izanen da, bereziki etorkinei begira.
Diskriminazioen aurka eta Berdintasunaren aldeko Goi Agintearen botere indartzea: Zigor administratiboak hartzeko ahala eman nahi dio lege berriak. Bide beretik, 'Testing'-ak legalizatu nahi dituzte. 'Testing'-ak dira, diskriminazioa salatu nahi duten elkarteek filmatu gertakariak, non agertzen den jende beltzarana arrazoi berezirik gabe zigortzen dela. Orain arte auzitegiek ez zituzten froga bezala onartzen.
Ikus-entzunezko Goi Kontseiluak aniztasuna bermatu: Telebista kateetako langileen artean jatorri ezberdinetako jende gehiago enplegatzea bultzatu nahi du legeak.Zinemagintzarako Zentro bat ere sortu nahi dute. 10 milioi euroko funts bat ukanen du, kohesio soziala laguntzen duten obrak finantzatzeko.
Ekonomia
Aukera Berdintasunerako Legearen neurri nagusiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu