Gipuzkoako EAJk iragarria du ez duela foru gobernuaren 2015eko aurrekontu proiektua onartuko, eta Bilduk, oraingoz, ez du gehiengo nahikorik —arratsaldean egingo dute aurrekontu proiektuaren gaineko eztabaida—. Hori ikusita, aurtengo kontuak luzatu beharraz mintzatu da Martin Garitano ahaldun nagusia. Esan duenez, aurtengo gastu eta inbertsioei eutsiko diete, eta "segurtasuna" mantenduko dute herritar eta enpresentzat.
Haren arabera, pertsonak jarri dituzte "erdigunean", eta "aurrekontu sozialak eta murrizketarik gabekoak" jorratu dituzte. Berretsi du aldundiak akordiorako "borondate osoa" erakutsi duela, baina gainerako alderdien jarrera salatu du: "EAJk joan den urtean ez zuen arazorik izan gure proiektua babesteko. Zein da arazoa aurten?". Garitanoren ustetan, hauteskundeei begira hartutako erabakia da.