Nafarroako hegoaldeko sei ikastoletako ordezkariek egin dute aurrematrikulazio kanpainaren aurkezpena gaur goizean, haiek baitira orain arte legez eremu ez euskaldunean “euskarazko kalitatezko hezkuntza” eskaini dutenak. “Azken urte hauetan, administrazioak ez du gure eskaintza sare publikoan beregain hartu, eta hegoaldeko sei ikastolek ondare publikoak erantzukizunez eta gardentasunez administratu dituzte”, halaxe mintzo da Maite Otero Erentzun ikastolako zuzendaria.
Ikastolek euskararen eta euskal kulturaren mantenuan eta berreskurapenean egindako lana nabarmendu dute, eta hizkuntza proiektu propioa garatu dutela ohartarazi dute: Ikastola eredua.
Josu Reparaz Nafarroako Ikastolen Elkarteko zuzendariak aitortu du aurtengo kanpaina erabat berria izango dela, euskarazko eskaintza eskola publikora zabaldu delako. Halere, oraindik ez daukate daturik jakiteko zein izango den horren ondorioa. “Aurrematrikulazio epea bukatzen denean egin beharko dugu balorazioa”.
Azkenik, jakinarazi dute Euskararen Legea aldatu izanaz pozten direla, eta hori lortzeko ikastolek egindako lana “ezinbestekoa” izan dela. Familiei euren seme-alabak ikastoletan aurrematrikulatzeko gonbitea egin die Reparazek: “Gure ikastetxeek hizkuntz murgilketa ziurtatzen duten eredu bakarra izaten jarraitzen dute”.