EH Bilduko Hasier Arraizek 175 urtez euskal herritar belaunaldi guztiak gatazkan bizi direla adierazi du: "Gureak izan behar du gatazkan bizi izandako azken belaunaldia". Horren harira, Baigorrin asteartean izandako atxiloketekin kritiko azaldu da: "Ez dute indarkeriaren zikloa behin betiko ixtea nahi, etsai baten beharra dute". Halaber, koalizio subiranista Eusko Legebiltzarreko bake lantaldea abian jartzeko prest dagoela gogorarazi du: "Inori baldintzarik jarri gabe eta gainerakoak guri jarritakoak onartuta".
Gainera, Arraizek iragarri du EH Bilduk akordiorako proposamen bat aurkeztuko duela, bi ardatzen gainean. Lehena: "Euskal Herriari dagozkion eskubide historikoen gaurkotzea erabakitzeko eskubidea gauzatzea da". Bigarrena: "Herritarren borondateak bakarrik mugatuko du EAEri eman behar zaion eskumen maila". Arraizen hitzetan, akordio politiko horren inguruan herritarrei hitza eta erabakia emateko tresna Herritarrak Ahalduntzeko Legea izango da; EH Bilduk urriaren 10ean aurkeztuko du publikoki lege egitasmoa.
PSEko Idoia Mendia kritiko azaldu da Urkullurekin:"Urtebete daukazu aurretik, lehenengoa galdu zenuen, ez galdu orain azkena". Besteak beste, hizkuntza politikan egin dizkio kritikak: "Akordioaren bidetik gure hizkuntza politika berrikusi behar dugu". Bakean eta bizikidetzan, berriz, "propaganda eta eraginkortasun gutxiko" ekinbideak abiatzea egotzi dio.
Estatus politikoaren harira, PSEk autogobernu "indartsu, seguru, sozial, baliagarria eta solidarioa" eraiki nahi duela esan du Mendiak. 1979ko Estatutuaren erreforma eta Espainiako Konstituzioaren erreforma, biak batera jorratzeko aukera dagoela uste du.
PPko Arantza Quirogak, berriz, Jaurlaritza kritikatu du, haren ustez ETAren amaiera "ordenatua" proposatzea eta indarkeriak parekatzeagatik. Ildo horretan, dei egin dio Eusko Legebiltzarreko bake lantalde berri bat abiatzeko, "terrorismoaren deslegitimazioa" oinarri hartuta. Autogobernuaz, horri buruzko legebiltzarreko lantaldera PPk eramango duen proposamena azaldu du: autogobernuaren eta Estatutuaren "modernizazioa".
UPDko Gorka Maneirok "biktimismoa uzteko" eskatu dio Urkulluri, eta arazoak konpontzeko. Zuzenbide Estatua defendatu behar dela esan du, eta eredu horrek balio duela Katalunia eta Euskal Herrirako.