Auzipetuen gutuna

2013ko azaroaren 1a
12:19
Entzun

Urriak 30ean, bost euskal gazte epaitu behar gintuzten Donostiako epaitegian. Bakoitzari bi urte eta erdiko zigorra eskatzen digute,orotara 12 urte eta erdi.

2007an, Jarrai, Haika eta Segi gazte antolakundeen kontrako Auzitegi Gorenaren ebazpenak ekarriko zuena aurreikusita, Euskal Herrian hainbat ekimen abiatu ziren, haietako bat guk bostok A8-an egin genuena. Bi helburu nagusi genituen: batetik, euskal gazteriarengan izango zituen ondorio latzak salatzea, eta  bestetik, Euskal Herriaren alde lan egiteko eta militatzeko eskubidea aldarrikatzea.

Ekimen hura burutzeko zeuden arrazoiak gaur egun ere mantentzen dira, are gehiago, orduan aurreikusitakoa guk uste genuenetik harago joan da; ehunka izan dira azken urteotan atxilotuak, torturatuak, epaituak eta espetxeratuak izan diren gazteak.

Hori dela eta, epaiketa honen aurrean gure jarrera irmoa izan da, desobedientziaren aldeko hautua, alegia, konponbidearen zubian aurrerantz egiteko hautua egiten dugu, jakitun garelako, harri bakoitzak helburutik hurbilago jartzen gaituela.

Bide  horretan epaiketari planto egitea erabaki dugu! Batzuk epaiketara ez aurkeztuz eta besteek epaiketan bestelako jarrera desobedienteak izanez: gure militantzia politikoaren defentsa eginez, deklaratzeari uko eginez edota epaileari bizkarra emanez.

Epaiketa bertan behera geratu da eta agertu ez diren hiru kideak bilatze, atxilotze eta espetxeratze aginduan ipiniko dituela aurreratu digu epaileak.

Aipatu eta salatu beharra dago epailearen jarrera, zeina aurkeztu ez diren kideei xantaia egiten saiatu den. Datozen egunotan epaitegian aurkeztuz gero, ez luke atxilotzeko agindurik emango, eta epaiketarako data berri bat jarriko luke baina hori egin ezean, hirurak atxilotu eta luzerako espetxeratzeko mehatxua egin du.

Honen aurrean guk erabaki eta jarrera berarekin jarraituko dugu, inolako mehatxu eta xantaiarik ez dugulako onartuko, DESOBEDIENTZIAREN BIDEAN AURRERA jarraituko dugu, oso argi daukagu elkartasunetik konpromisorako bidean eraikitzen ari garen zubiarekin epaiketa zein atxiloketei aurre egitea lortuko dugula.

Nire animo eta besarkadarik beroena gaurkoan Donostiako epaitegian agertu ez diren nire kideei, baita egun Madrilen epaitzen ari diren euskal militanteei. Aupa zuek! Animo, desobedientziaren bidean lortuko dugu!!

Saioa Zerain, A8-ko ekimenagatik auziperatua.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.