Iragan asteburuan Ipar Euskal Herrian eta Biarnon hasitako polizia operazioaren ildotik Gipuzkoan eta Nafarroan atxilotutako lagunekin gertatutakoa "larria eta kezkagarria" da Joseba Azkarraga Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburuaren iduriko. Izan ere, Guardia Zibilak atxilotu zituen zazpi pertsona horietatik sei aske utzi dituzte —hiru epailearen aurrean deklaratu ere egin gabe—, Jose Antonio Alonso Espainiako Barne ministroak komunikabideen aurrean haiek guztiak ETAko kideak zirela ziurtatu bazuen ere.
Azkarragaren ustez, Espainiako Gobernuak atxilotu horien ohorearekin jolastu du, eta, gainera, errugabetasun printzipioa aplikatu ordez "erruduntasun printzipioa" ezarri die, "Aznarrek indarrean jarritako printzipioa", salatu du. "Asko kezkatzen nau PSOEko Gobernuaren benetako talantea zein den ikusteak, ustezko progresismo batean babestuta inolako arazorik gabe indarra eman baitio Aznarrek ezarritako erruduntasun printzipioari", adierazi du Jaurlaritzako Justizia sailburuak. "Garbi dago PSOEk ez duela nahi sistema demokratikoen oinarri den errugabetasun printzipioa berriro indarrean jarri nahi", erantsi du.
Atxilotu horiek egin dituzte tratu txarren salaketekin ere kezkatuta agertu da Azkarraga, baina auzi horretan ere PPren bide berean ikusten du PSOE. "Ez litzateke ona izango Zapateroren Gobernuak aurrekoaren akats bera egitea; hau da, esate baterako, orduan ministro zen Acebesek egiten zuena egitea: torturak salatzen zirenean salaketa egin zutenak jazartzea".
Polizia operazioa
Azkarragaren ustez "larria eta kezkagarria" da Gipuzkoako eta Nafarroako atxilotuekin jazotakoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu