Askatasunak jakinarazi duenez, Frantziako Poliziak joan den astean Lapurdin eta Nafarroa Beherean atxilotutako hamabost lagunetatik bost espetxeratzeko agindua eman du Parisko epaile batek deklarazioa hartu ostean. Bart aritu dira lagun horiek deklaratzen, goizaldeko hiruak arte.
Hala, Xabier Susperregi, Mizel Barnetxe eta Cedric Garai Fleuryn kartzelatzeko agindua eman du epaileak, eta Pantxo Flores eta Joan Bidart La Santen. Ostegunean beste epaile baten aurretik igaro behar dute bost lagun horiek, espetxeratze aginduak indarrean jarri edo baldintzak ezarri erabakitzen duen epailearen aurretik. Beraz, egun horretan jakingo da kartzelatzea irmoa den.
Atxilotu zituztenean, turismo ondasunen eta etxe agentzien kontrako erasoekin zerikusia izatea egotzi zieten; zehazki, Irrintzi taldeak bere gain hartu zituen ekintzekin. Epailearen akusazio formalak, berriz, gaizkile taldeko kide izatea eta 2006an Bidarrain (Nafarroa Beherea) Alain Ducasse sukaldari ezagunaren jatetxeari eraso egitea edo ekintza horren konplize izatea dira.
Askatasunak eta atxilotuta egon diren beste hamar lagunek “muntaia mediatikoa” izan dela salatu dute.
Azken sarekadan atxilotutako bost lagun espetxeratu egin dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu