Jose Maria Aznar Espainiako Gobernuko presidenteak Josep Lluis Carod Rovira ERCko buruari Kataluniako Generalitatetik "berahala ateratzeko" eskatu dio ETAko kideekin bildu delako, eta Jose Luis Rodriguez Zapatero PSOEko idazkari nagusiari Carod-Rovirarekin eta ERCrekin duten akordioa hausteko.
Aznarrek Bertie Ahern Irlandako lehen ministro eta Europar Batasuneko presidentearen alboan egin ditu adierazpen horiek Monkloa Jauregian. Aznarren esanetan, bilera hori "larritasun handikoa" da eta ez zaio iruditu "arraroa edo anekdotikoa". Carod-Rovira "erakunde terrorista" batekin bildu dela azpimarratu du Aznarrek, "Espainian dozenaka eta dozenaka hilketa egin dituen erakunde batekin".
"Itxura eta duintasun falta nabarmena" izan du Carod-Rovirak, esan du Aznarrek, "Generalitatearen itxurari eta duintasunari eragiten dio zuzenean eta horregatik duen kargua utzi beharko luke". Halaber, Espainiako Fiskalburuari eta Espainiako Segurtasun Indarrei "eman beharreko datu eta informazio guztia emateko" eskatu dio, "terrorismoaren aurkako borrokan baliogarria izan dadin".
Zapaterori eskaria
"Rodriguez Zapatero jaunak gizon horrekin eta ERCrekin harremanak hautsiko dituela espero dut", esanez zuzendu zaio Aznar PSOEko buruari. "Hori da PSOEko buruak egin behar duena", esan du Aznarrek, "hori bere ardura baita".
Erreakzioak
Aznarrek Generalitatetik ateratzeko eskatu dio Carod-Rovirari, eta Zapaterori ERCrekin hausteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu