Galizia-Portugal
Mugaz gaindiko lankidetzako bi egitura sortuak dituzte Galiziak eta Portugalek, 1992an eta 2008an eratuak. Haietako batek —Eixo Atalaticok— azpiegiturak, garraioa, hiri garapena, ingurumena, turismoa, kirola eta kultura jorratzen ditu. «Horrek erakusten du xedea ez dela soilik operatiboa. Hain zuzen, erran daiteke xede handiagoak dituela, estrategia politiko bati jarraituz», dio Argitxu Etxandi ikerlariak. Hamabi udalek sortu zuten Eixo Atalatico —haren barruan Galizia-Ipar Portugal Lan Komunitatea dago—, eta gaur 34 udal daude. Beste egiturak Galizia eta Portugal mugaldeko lurraldearen kohesio sozioekonomikoa du helburu; turismoa, ekonomia, lana, enplegua eta lehiakortasuna arloak jorratzen ditu. Sei unibertsitate eta nanoteknologia institutu bat ditu, besteak beste. «Hala ere, muga batzuk baditu oraindik: batetik, herri txikiek ez dute aski baliabide proiektuak bideratzeko, eta, bestetik, kostaldea barnealdea baino askoz garatuago dago».
Espainia-Portugal
Duero-Douro euroeskualdea Espainiako Zamora eta Salamanca probintziek eta Portugalgo Bragantza eta Guardak osatzen dute; 2006an egituratu zuten. 188 entitate publiko biltzen ditu, eta haietatik 107 udalak dira. Hain zuzen, udalen arteko lankidetza da zeregin nagusia, politika publikoetan zentratuta. Arloak: aukera berdintasuna, garapen ekonomikoa, ikerketa, berrikuntza eta garapena, tokiko garapena, teknologia berriak, hezkuntza, ikastaroak eta lana, ingurumena, garapen iraunkorra, nekazarita, abereen osasuna, zerbitzu eta ekintza sozialak.
Trirhena (Frantzia, Suitza, Alemania)
Rhin ibaiaren ondoko eremuak osatzen du beste euroeskualde bat, Frantzia, Alemania eta Suitzako estatuen arteko mugaldean: Trirhena. «Handik ere anitz ikas dezakegu», Etxandiren arabera, «mugaz haraindiko lankidetzak bertan egin zituelako lehen urratsak». Euroeskualdeko egituretako baten helburu nagusia mugaldeko metropolien garapen iraunkorra sustatzea da. «Beste egiturak interesgarriago ematen du, eremuko lurralde erakundeak biltzen baititu, haien arteko elkarrizketa politikoa bermatuz. Tokiko hautetsiak batzen dira». Bi egiturek ez dute harreman handirik euren artean. Udal batzuk oso aktiboak dira lankidetzan; kasurako, Mulhouse (Alsazia, Frantzia), Basilea (Suitza) eta Kehl (Alemania). «Bakoitzak eurobarrutia osatzen du». Askotariko gizarte eragileek ere hartzen dute parte, harremanak sendotzeko eta eremuaren lehiakortasuna hobetzeko asmoz.
Euregio Gronau (Herbehereak-Alemania)
Argitxu Etxandi ikerlariak nabarmentzen duen euroeskualdea da Euregio Gronau izenekoa. Herbehereetako Gelderland, Overijssel eta Drenthe probintziek, eta Alemaniako Ipar Renania-Westfalia eta Saxonia Behereko eremu batzuek osatzen dute; denera, 129 udalerrik. 1958an sortu zen; aurrenetako euroeskualdea izan zen. Mugaz haraindiko lankidetza erakundea dute eratua, eta tokiko autoantolaketa du helburu. Elkarte baten forma juridikoa dauka, «baina garrantzitsuena da biltzar bat daukala eztabaidarako». Etxandiren
ustez, horrelako entitateek lor dezakete Europako estatuen «trabak» gainditzea. Gainera, ikerlariak dio Europako Batasunari interesatzen zaiola mota horretako euroeskualdeak egotea, bere integraziorako lagungarri direlakoan. «Beraz, haren xedea ez da bakarrik tokiko
garapena. Askoz zabalagoa da, Europa osoko xedea da». Arlo ugari lantzen dute Euregio Gronaun, eta lurraldearen garapena ahalbidetu du; batez ere, ekonomia eta gizarte mailan. Tokiko egitura ekonomikoen iraunkortasuna sustatzeko proiektuak dauzkate. Halaber, inguruko eragile sozialek egitasmoan parte hartzen dute; kiroleko —garrantzi handia emanez—, hezkuntzako, gazteriako, zahartzaroko edota musikako ekintzak gauzatzen dituzte.
Tirol
Austriako Innsbruck hiriburuko erakundeko, eta Italiako Bolzanoko eta Trentoko legebiltzarrak dira Tirol euroeskualdeko kideak; 1998. urtean ekin zioten lankidetzari modu egituratu batean. «Euroeskualde hori interesgarria da, bertako kideek euren esparruan botere legegilea dutelako», dio Etxandik. Azpimarratu duenez, lurralde ordezkaritzan oinarritzen da Tirolgo entitatea; «ez dute estatu mailako ordezkariek erabakitzen, baizik eta tokikoek». Garrantzia ematen dio antolaketa modu horri. Gainera, Innsbruckek, Bolzanok eta Trentok ordezkari bana dute Europan, Bruselan. «Ordezkaritza hori oso eraginkorra da, maila guztietako agintariekin harremanetan baitira». Aipatutako euroeskualdean lantzen dituzten arloak: energia, osasuna, turismoa, hezkuntza, gazteria eta ikerketa. Oro har, lankidetza sozioekonomikoa eta kulturan indartzea da haien helburu nagusia. «Austriako eta Italiako estatuak mugaz gaindiko lankidetza honetaz nahikoa ezkor ziren hasiera batean, subiranotasuna galtzearen beldur zirelako, baina azkenean lankidetza bultzatu dute», idatzi du Argitxu Etxandik ikerketa lanean.
Euskadi-Akitania
80ko hamarkadan ekin zioten lankidetzari Euskal Autonomia Erkidegoak (Araba, Bizkaia, Gipuzkoa)eta Akitania eskualdeak, baina forma juridikoa 2011tik du. Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa bere barnean hartzen ditu Akitaniak, Pirinio Atlantikoetako departamenduaren bidez. Hogei kidek osatzen dute Euskadi-Akitania euroeskualdeko batzarra —eremu bakoitzetik hamar ordezkari daude—. Azpiegiturak, ekonomia, kultura, euskara, hezkuntza, ikerkerta eta turismoa lantzen dituzte. Aurten 1,1 milioi euroko aurrekontua izango dute. Joan den astelehenean egin zuten azkeneko bilera, Bordelen, eta Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak hartu zuen euroeskualdeko presidentetza kargua —bi urtean behin txandatzen dute; aurreko presidentea Alain Rousset izan zen—. 2014-2020 aldirako «plan estrategikoa» osatu dute, 42 programa bilduta, eta, jakinarazi zutenez, 2017rako Bordele-Donostia tren lotura zuzena egongo da.
Pirinioak (Okzitania)-Mediterraneoa (Herrialde Katalanak)
2004an sortutako euroeskualdea da, eta lau eremu biltzen ditu: Okzitaniako Languedoc-Rousillon eta Midi-Pyrenees eta Herrialde Katalanetako Katalunia eta Balearrak. «Unibertsitatea, hezkuntza, ikerketa eta berrikuntzaren inguruko gaiak dituzte, ez gehiago. Argi dago, beraz, egitura haren xedea ez dela lurraldearen garapeneko politiken lantzea. Gainera, ez da lurralde ordezkaritzan oinarritzen. Tresna operatiboa besterik ez da». Unibertsitate mailan asko lan egiten dute. Berrikuntzan, berriz, 1.400 enpresa harremanetan jarri dituzte, sare baten bidez, eta datu base bateratua daukate. Mugikortasuna, ikerketa eta berrikuntza bultzatzen dituzte, batik bat.