Babes zabala Mexikon sei euskal herritar presoei (2004-07-15)

Mexikoko politika nahiz kultur pertsona esanguratsuek ekimenak antolatu dituzte euskal presoen egoera salatzeko

2006ko maiatzaren 18a
11:10
Entzun
Mexikon Espainiara estraditatuak izateko arriskuan dauden sei euskal herritarrek babes zabala jaso dute egun hauetan . Atzo, Mexiko D.F.en eginiko elkarretaratzean, bertako gizarte eragile nahiz politikari ugari bildu ziren sei euskal presoen estradizioaren auzia salatzeko. Besteak beste, han izan ziren PRD zentro-ezkerreko alderditik Mexikoko presidentziarako hautagai izandako Cuahtemoc Cardenas; PANeko gobernuan bi urtez Kanpo Harremanetarako idazkariorde Gustavo Iruegas; giza eskubideen aldeko eragile Rosario Ibarra; eta beste hainbat pertsona esanguratsu. Gainera, herenegun eragile horiek prentsaurrekoa eskaini zuten. Bi aldietan, 1.220tik gora sinadura aurkeztu zituzten sei euskal herritar estradizioa salatuz.

Juan Carlos Artola, Asun Gorrotxategi, Felix Garcia, Asier Arronategi, Jon Artola, Joseba Urkijo eta Ernesto Alberdi euskal herritarrak iaz atxilotu zituzten, Baltasar Garzon epaileak hauen estradizioa eskatzean. Garzonek «ETArentzat dirua biltzea eta zuritzea» leporatzen die. Aurreko asteko ostegunean, epailea euren estradizioaren aldeko azaldu zen. Orain, Mexikoko Atzerri Ministerioak ebatziko du estraditatu ala ez. Epailearen erabakia jakitean, sei euskal herritarrek mugagabeko gose greba hasi zuten. Joseba Agudo abokatuaren esanetan, «presoek jada sei eta zortzi kilo bitartean galdu dituzte, gose greba hasi zutenetik astea bete ez bada ere».Eginiko ekimenetan salatu zutenez, estradizio eskaera «akusazioa sostengatzen duen frogarik gabe» egin da. Gainera, «ez da zehazten zein delitu egozten zaien» eta beraz, «akusazioa oinarririk gabea eta generikoa da». Azaldu zutenez «ustezko delituak Mexikon gertatu ziren, eta beraz epaitzekotan bertan izan beharko luke». Bestalde, NEB eta Amnesty Internationalen esanetan oinarrituz, estraditatuz gero euskal presoek «tortura arriskua» dutela esan zuten, eta honela, Mexikoko legediaren aurka legokeela hauen estradizioa onartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.