BALKOITIK. Euskara, azokan (Irune Berro)

2007ko abenduaren 8a
12:23
Entzun
Dudatan jarraitzen dugu... Argia irakurrita batzuk uxatu ditugun arren. Argitalpen horretan, Gorka Arrese Susako editoreak dio erdarazko diskorik ez dela ametitzen Durangon. Erdarazko liburuak baietz, erdarazko liburuak onartzen direla Durangon. Baina diskorik ezetz, erdarazko diskoek lekurik ez dutela azokan. Ez La Pollak, ez Doctor Deseok, ez El Inquilino Comunistak, ez La Oreja de Van Gogh taldeak, ez Mikel Erentxunek... Eta azken bi horien diskorik ez dugu aurkitu azokan. Baina mahairik mahai kuxkuxean, gaztelaniazko zenbait disko begiz jo ditugu: Señor No, Cicatriz eta Tahures Zurdos taldeenak, esaterako. Araudiak omen dio azokan euskaraz zein gaztelaniaz idatzitako liburuak egon daitezkeela. Haatik, diskoen arloan, muga jartzen ei du Gerediagak. Hau da, erdarazko diskorik ezin daiteke sal azokan. Alta, begi -istakoa da hala gertatzen ez dela; gaztelaniaz abesten duten euskal taldeen lanak egon badaudela Durangon.

Eta liburuei dagokienez, zer esanik ez: asko dira azokan aurki ditzakegun gaztelaniazko literatur lanak eta bestelako argitalpenak. Den-denak ez bada, ordea, gehienek Euskal Herriko ikuspegia dute. Edo, bederen, Euskal Herriko ikuspegia duten argitaletxeek ekarri dituzte plazara. Eta azokara. Eta horiei Durangon egotea uka beharko litzaiekeen duda handiak sorrarazi dizkigu... Areago, kasik seguru gaude ez litzatekeela ona izango azokatik kanpo uztea, ezta bidezkoa ere, ziur asko.

Zein da irtenbidea orduan? Zeren La Polla, Barricada, Señor No eta Doctor Deseoren diskoak azokan ikusteak ez digu minik egiten. Guri ez, behintzat. Baina zer gertatuko litzateke Kepa Junkeraren zenbait disko atera dituela arrazoituta, EMIk azokan mahaia jartzea eskatuko balu, eta Chenoa edo Espainiako besteren baten diskoa ekarriko balu Durangora? Euskarazko ekoizpenei lehentasuna eman beharko geniekeela da argi daukagun bakarra. Eta gustatuko litzaigukeela erosleek euskarazko produktuen aldeko hautua egitea. Baina hortik aurrera duda besterik ez dugu... Beste behin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.