Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Fernando Grande Marlaskak bihar galdekatuko ditu Luis Goñi eta Xabier Sagardoi, kale erasoekin zerikusia dutelakoan Barañainen (Nafarroa) igande goizaldean atxilotutako bi gazteak, iturri juridikoek jakinarazi dutenez. Haien senideak kezkatuta daude, inkomunikazio aldian torturak jasateko arriskua dutela nabarmenduta, eta Nafarroako Arartekoarengana jo dute, babes eske.
Guardia Zibilak atxilotu eta inkomunikatuta dauzkala eta, Goñiren eta Sagardoiren senitarteko eta lagunak kezkatuta daude, bi gazteek Poliziaren eskuetan zer tratu jasango ote duten. Igande goizaldean atxilotu zituzten bi gazte barañaindarrak, Grande Marlaskaren aginduz, eta kale borroka ekintzekin ez ezik, Segi gazte erakundearekin ere lotura izatea egotzi die. Iazko uztailaz geroztik, Espainiako Auzitegi Nazionalak aginduta egiten duten gisa bereko hamargarren polizia operazioa da.
Askatasunak salatu du Guardia Zibilak inkomunikazioa ezartzen duen kasu gehienetan torturatu egiten dituela atxilotuak. Horregatik, bi gazteen abokatuek habeas corpus-a eskatu diote epaileari. Atxilotuak berehala epailearengana eramatea nahi dute abokatuek, inkomunikazio aldia ahalik eta gehien murrizteko. Nekez hartzen dute epaileek neurri hori, eta horregatik, habeas corpus-a ukatzen badiete, "tortura eragozteko gutxieneko neurriak" hartzeko ere eskatu dute abokatuek, Askatasunak jakinarazi duenez.
Atxilotuak une oro bideoz grabatzea, konfiantzazko medikuak atxilotuekin egoteko aukera izatea eta atxilotuen senideek haiek non eta nola dauden jakitea dira neurri horiek.
Atxilotuen senitarteko eta lagunek prentsaurrekoa eman zuten atzo Barañainen, kezken berri emateko. Agerraldia ezin izan zuten gaztetxearen ondoan egin, ordea, hala nahi zuten arren. Espainiako Poliziaren presentzia handia zen toki hartan, eta eraikin batean eman zuten prentsaurrekoa.
"Polizia azpijokoa"
Guardia Zibilak igande goizaldean abiatutako polizia operazioa "Barañaingo gazteak kriminalizatzeko azpijoko poliziala" dela salatu du herriko Gazte Asanbleak. Gainera, iaz ere antzeko "azpijokoak" egin zituztela ekarri du gogora.
Polizia operazioan herriko arduradun politikoek Guardia Zibilari oniritzia eman izana gaitzetsi dute. Guardia Zibilari gaztetxean sartzeko baimena ematea aurpegiratu diote Jose Antonio Mendibe alkateari (UPN Union del Pueblo Navarro, eskuindarra). UPNren eta PSN alderdi sozialdemokrataren udal taldeak gaztetxearekin "obsesionatuta" daudela uste du Gazte Asanbleak: "Obsesionatuta daude gaztetxearekin, gazteak antolatzearekin eta, oro har, herri mugimendu guztiekin".
Operazioa salatu eta bi gazteak aske uzteko eskatzeko manifestazioa egingo dute ostiralean. Nolanahi ere, prentsaurrekoan ez zuten zehaztu manifestazioa non eta noiz izango den. Horretaz gain, gazteek Guardia Zibilaren esku jarraitzen duten bitartean herri batzarra egingo dute egunero, 20:00etan.
Gaztetxea ez ezik bi atxilotuen etxebizitzak, lokal bat eta Akelamendi taberna ere arakatu zituen Poliziak igande goizaldean abiatutako operazioan. 05:00 aldera ekin zioten operazioari, Luis Goñiren Barañaingo bizilekuko atea puskatu eta gaztea atxilotuta. Xabier Sagardoi, berriz, 06:00etan atxilotu zuten, Lizarraldeko herri bateko festetan. Lekukoen arabera, 22:00etatik aurrera haren atzetik ibili zen Polizia.
Iruñeko Iturrama auzoan beste gazte bat atxilotzen ere saiatu zen Guardia Zibila. Haren bizilekura sartu zen gaztea eramateko asmotan, baina ez zuen topatu. Espainiako Barne ministro Alfredo Perez Rubalcabaren eta Nafarroako Gobernuaren arabera, polizia operazioa irekita dago oraindik.
Barañainen atxilotutako bi gazteak bihar galdekatuko ditu Auzitegi Nazionaleko epaileak
Luis Goñiren eta Xabier Sagardoiren senideek Nafarroako Arartekoarengana jo dute, haientzako babes eske.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu