Gobernuaren "oreka" lortzeko eta "herritarren dituzten arazoak konpontzeko" bere esku dagoen "guztia" egingo duela ziurtatu du Yolanda Barcinak. Helburu hori izanik PSNrekin akordioak lortu "nahi" dituela azaldu du.
"Gobernuan koalizioan funtzionatzea lortu ez genuenez, denbora bat behar dugu erreakzionatzeko eta berriro ere akordioak lortzeko, eta espero eta desio dut denbora hori jada pasa izana. Etorkizunean akordioak lortuz Nafarroan oreka lortu ahal izateko", adierazi du. PSN gobernura itzultzearen inguruan esan du "oraintxe" ez dela hain "erraza".
Horrez gain, PSOEko idazkari nagusi Alfredo Perez Rubalcabari eskerrak eman dizkio Iruñean egin zituen adierazpenetan Nafarroako Gobernuaren "oreka" lortu nahi duela esateagatik, eta hori "bilatzeagatik". Barcinak nabarmendu du bera dela PSNrekin akordioak lortzeko "esfortzu" handiena egin behar duena.
"Nafarroan, demokrazia garaian, inoiz ez da gehiengo absoluturik egon, eta horregatik, akordioak egiteko beharra izan dugu beti, eta horri esker Nafarroa da bizi kalitate handienaz gozatzeko aukera duen lurraldea Espainian", gaineratu du.