Batasuna, EHAK eta ANVko 44 lagun auzipetu ditu Baltasar Garzon epaileak (martxoa)

Garzonek dio EHAK eta ANV "erabili" dituela Batasunak, "ETAk diseinatutako delitu ekinbidea segitzeko". Su-eten garaian mahaikide eta negoziazio taldeko kide izandakoak daude tartean.

2009ko apirilaren 13a
18:04
Entzun
2009-03-24

Erredakzioa

Batasuna, EHAK eta EAE-ANVko 44 lagun auzipetzeko erabakia hartu du Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak. 2007ko urrian, Seguran (Gipuzkoa) Batasuneko Mahai Nazionalaren kontra egindako polizia operazioan atxilotutako 24 lagunetatik 22 - Joseba Permach, Juan Jose Petrikorena eta Rufi Etxeberria, adibidez-; polizia operazio horrekin lotuta baina beranduago atxilotu zituzten Marije Fullaondo (abenduan), Pernando Barrena eta Patxi Urrutia (otsailean) mahaikideak, eta EAE-ANVko presidente Kepa Bereziartua eta idazkari nagusi ohi Antton Gomez, Arrasateko alkate Ino Galparsoro eta Ezker Abertzalea Legebiltzar Taldeko komunikazio arduradun Peio Galvez, besteak beste. Auzipetutako 44 lagunetatik hamar daude libre gaur egun.

Atzo kaleratutako autoak jasotzen duenez, apirilaren 13tik eta 20ra bitartean auziaren berri emango die Garzonek banan-banan auzipetu guztiei. Ipar Euskal Herriko lau auzipetuen kasuan, (Jean-Claude Agerre, Xabi Larralde, Haizpea Abrisketa eta Aurore Martin) "antzeko delituengatik" prozedurarik zabalik duten ezagutzeko, erreguzko gutuna bidaliko dio Auzitegi Nazionalak Frantziako Justiziari.

Auzipetu guztiei "ETAko kide" izatea egotzi die Garzonek. 522 orriko autoan dio, Batasuneko Mahai Nazionalak EAE-ANV eta EHAK alderdi politikoak "erabilo" dituztela, "ETAk diseinatutako delituzko ekintzarekin jarraitzeko". Alderdi horiek instituzioetan zeudela "baliatuta", Batasunak "erakunde terroristaren sare politikoa mantentzeko" baliabide ekonomikoak lortzen zituela argudiatu du epaileak.

Halaber, Garzonek dio, Batasunak "uko egin" diola "alderdi politiko legal moduan jarduteari" eta "EKINen eta KASen ardura ziren betebeharrak bere gain hartu" dituela azpimarratu du. "ETAren eta, beraz, ENAM Euskal Nazioaren Askapenerako Mugimenduaren erreferente politikoa bihurtu da Batasuna".

EHAK eta EAE-ANVren kasuetan, berriz, Garzonek dio ETAk "denboran zehar" ez dituela bi alderdi horiek "Aralar edo AB bezala tratatu", eta, horrek, Batasuna eta alderdi horien arteko harremana "frogatzen" duela. Batasunaren sortze prozesutik (2001) kanpo geratu baziren ere, Batasunak de facto bi alderdi horien "kontrola hartu" duela azpimarratu du Garzonek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.