Batasunak dio "zabor judiziala" dela erabakia

2007ko urtarrilaren 25a
19:13
Entzun
Batasunak gaur esan du Espainiako Auzitegi Nazionalak Iñaki de Juanaz hartutako erabakia "zabor judiziala" dela eta "auzitegi horren gerra estrategiaren barnean" dagoela. PSOE egin du Batasunak horren "erantzule" eta presoa aske uzteko neurriak "azkar" hartzea eskatu dio, "De Juanak kalean egon beharko lukeelako".

EAJk dio "salbuespeneko neurriak" bukatu behar direla

Iñigo Urkullu EAJren EBBko bozeramaileak kritikatu egin du Espainiako Auzitegi Nazionalak Fiskaltzaren eskaera ez aintzat hartzea (Iñaki de Juana etxean preso izatea). Urkulluk gogoratu du De Juana behin-behinean dagoela preso, aurreko zigorra beteta duela, eta Espainiako Justiziaren "salbuespeneko neurriak" bukatu egin behardirela.

Raxoi: "Inoiz hartu dudan pozik handiena da"

Gustura zegoen gaur eguerdian Mariano Raxoi PPko presidentea De Juanari buruzko erabakiaren berri izan duenean. "Inoiz hartu dudan pozik handiena izan da". Erabakiagatik, "harro" dago espainiar izateaz, berak esan duenez. "Gainera, erabaki honek desautorizatu egin ditu legedia bete ez zedin ahaleginak egin dituztenak. Horien artean, fiskal nagusia eta Espainiako Gobernua".

Maria San Gil EAEko PPren presidentea ere gustura dago, "De Juanak hildako 25 pertsonen senideentzat izugarrizko poza delako". Haren ustez, "Zuzenbide Estatuak erakutsi du indartsua dela, sendoa eta heldua, eta ez dela terroristen xantaiaren aurrean makurtzen".

ELAren ustez, "muturreko ankerkeria" da erabakia"

German Kortabarria ELAko Komunikazio arduradunaren ustez, Auzitegi Nazionalaren erabakia "muturreko ankerkeria" da. "Erabaki hau ez da gaurkoa. De Juana kalean ez izateko erabakia aspaldikoa da, esparru politiko, judizial eta mediatikoetan adostutakoa, eta ez dauka eskubideekin eta legearen ezarpenarekin zerikusirik, baizik eta legearen gaineko mendekuarekin eta zigorrarekin".

Rafa Diez: "Bakearen, elkarrizketaren eta konponbide politikoen kontra doa"

Rafa Diez LABeko idazkari nagusiak gogor kritikatu du Espainaiko Auzitegi Nazionalak gaur Iñaki de Juana presoaz hartutako erabakia. "Zuzenean bakearen, elkarrizketaren eta konponbide politikoen kontra doan erabakia da", esan du Diezek.

Jaurlaritzarentzat, "beste zentzugabekeri judizial bat da"

Eusko Jaurlaritzak ere kritikatu egin du Auzitegi Nazionalaren erabakia. "Beste zentzugabekeria judizial bat da. Horrelakoak ikusten ari gara azkeneko asteetan". Jaurlaritzarentzat "egokiagoa" zen Espainiako Fiskaltzaren eskaera (De Juana etxean izatea preso).

EA: "Intentzioa duen erabakia da"

Unai Ziarreta EAko idazkari nagusiaren ustez, Auzitegi Nazionalaren erabakia "intentzioa duena da" eta PPren ildoarekin bat egiten duena. "Ondorio pentsaezinak izan ditzake erabaki honek".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.